Ibarrako Sanbartolome jaiak 2018

Alurr dantza taldea sanbartolomeetan

Erabiltzailearen aurpegia Alurr Dantza Taldea 2018ko abuztuaren 22a

Alurr dantza taldea bere sorterrira itzuliko da, ohiko moduan, San Bartolome jaietan. Urte osoan zehar eskainitako ikuskizunetatik, hau izaten da bereziena. Herrikoa. Urtero saiatzen gara ikuskizun honi mimo berezi bat eskaini eta ikusleriarengana gerturatzen.

Urtero emanaldia ikustera etortzen den horietako bat baldin bazara, ohartuko zara pil-pilean ditugun erakustaldiak ekartzen saiatzen garela; urte luzez entseatu eta hainbat plaza edo oholtzetan dantzatuak. Baina aurtengoan nostalgiko jarri gara apur bat.

Izan ere, hasiera batean, emanaldi berezi honekin, dantzaren zantzu eta estilo berriak plazaratu nahi izaten genituen. Gerora, istorio komun bat kontatuko zuten emanaldiak fintzen joan ginen, pauso eta dantza bakoitza kontakizun bateko esaldiak bailira.

Aurtengoan, ordea, lehengo garaietara itzultzea erabaki dugu. Herriko gazteengan jarriko dugu fokua, talde bakoitzak bere istorio propioa konta dezan. Horrela lau talde igoko dira agertokiaren gainera Aintzina emanaldia osatzera: Eskola, Oinazez, Oinarri eta Erronka. Gazte talde hauek gogor haritu dira urte osoan zehar euren dantzei forma ematen eta herri desberdinetako plazak alaitzen zein gure oinarriak pausoekin errotzen.

Ikuskizun txundigarri baten lekuko izan nahi baduzu zatoz abuztuaren 26ean gaueko 22:30ean Ibarrako Emeterio Arrese auzora.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!