Asteburu honetan bertan, maiatzak 13, Herri Urratsen izango gara. Duela pare bat urte bezala bertan izango gara igande honetan ere, arratsaldeko 16:15ean Gipuzkoa gunean. Zizurkilen Maruxak ikusteko aukera galdu bazenuen, hauxe duzu aukera paregabea. Bi emanaldiren zatiak dantzatuko baititugu: Maruxak eta Irradak.
Astea entseatzen igaro ondoren, hurrengo asteburuan ere oholtzetara igoko gara. Maiatzaren 17an Beasainen izango gara gaueko 19:30ean, antzoki ondoko kalean (eguraldi txarra eginez gero, barruan) Irradak emanaldia aurkezten.
Astea amaitu eta geu ere asteburuaren zain geldituko gara... asteburu betea baitugu. Maiatzak 19 Zaldibian. Urtero bezala dantzari gazteen topaleku bilakatuko da Zaldibia, bertako gazteek eta Alurreko bi taldek dantzatuko dute.
Hanketan baselina apur bat eman eta berriro autobusera. Hurrengo egunean, maiatzak 20 Berrobiko aste kulturala baitugu. Ibarrako bi talde eta bertako umeak arituko dira dantzan.
Eta astelehenean... Izaskun! Urtero bezala Ibarrako Izaskun auzora igoko gara bertako festak direla eta plazari giro apur bat jartzera. Arratsaldeko 17:00etan izango gara bertan eta gure haurrek eta irakasleek osatutako emanaldi itzela erakutsiko dute.