'Irradak', Alurr Dantza Taldearen ikuskizun berria

Erabiltzailearen aurpegia Alurr Dantza Taldea 2017ko abuztuaren 22a

Izpika, dizdizka dugu gogoan eguzkia. Tantaka, zaparradan, leihopean, ostoen puntetan, euria. Eta hodeiak. Hodeiak kopetilunenetan eta euri zein eguzkiaren artean, itsasgarri lanetan. 

Betikara bakoitza bizitzari eginiko argazki bat baldin bada, ez zaitzala itsutu argiak. Belarriak, ezpain irribarretsu bat, pausua narras eta oinak airean, bi birika eta arnasa lapurturik, bi esku txaloka zoratzeraino, behatzak zerura eta zerua biraka… Ekar dezagun zerua lurrera. 

Sentsazio fotograma begien aurrean, zirraren artean. 

Musika, melodia, erritmo, pauso, jauzi, isilune, txalo, errai, kultura, prest?, aurrera, igo eta dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko!

Orpo-punta, orpo-punta, aurrera eta itzulia… Dantzariak, sorbaldetako pisua oinetara igaro eta bihotzak hauspoturik puntetan jartzen da nahi duen lekura iristeko. Eta honela egiten du diz-diz. 

Alurrek aurkezten duen emanaldi berri honekin izpi horien koloreak eta berotasuna eramango ditugu oholtzara. Jakiteko zenbat historia behar duen honaino ailegatzeko, zenbat pauso bizirauten jarraitzeko. 

Kultura desberdinetako pausu zein erritmoak uztartu ditu ikuskizun berriak eta hortik dator izenburua ere: Irradak. Izan ere, Aiert Beobideren koreografiekin kultura eta tradizio desberdinen ñabardurak islatu nahi izan ditugu. Dantza bakoitza irrada goxo bat izan dadin. Jantziak Alurrenak izango dira oraingoan ere. 

Estreinaldia abuztuaren 26an izango da Ibarrako Emeterio Arrese parkean, 22:30ean. 

Zatoz ikuskizun berriaz gozatzera!  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!