Pirritx, Porrotx eta Marimotots Ibarran

Erabiltzailearen aurpegia Alurr Dantza Taldea 2017ko urt. 23a, 21:33

Lehengo ostiralean, urtarrilak 20, Pirritx, Porrotx eta Marimotots izan genituen Ibarrako kiroldegian gaztetxo (eta ez ain gaztetxo) guztiak dantzan jarriz. Pailazoek "Tipi,tapa, korrika!" emanaldia aurkeztu ziguten eta beti egiten duten moduan, sekulako giroa nabari zen kantxako armaietan.

Alurr dantza taldeak beti eskaini ditu bere baitan landu eta sortutako dantzen emanaldiak eta ikuskizunak; baina oraingoan beste nolabaiteko espektakulu batekin probatu nahi genuen, batez ere, protagonistak gure taldeko txikiak izan zitezen. HH2ko umeetatik hasi eta LH6ekoak bitarte izan ziren pailazoei beren dantzetan lagundu zieten dantzari txikiak. Ilusioz irteten ziren oholtzara eta kantu alaiekin dantzatzeaz gainera, begira zeuden gainontzekoen gorputzak ere ezin izan zioten eutsi saltoka hasteko gogoari.

Emanaldi aurretik agortu ziren sarrera guztiak, eta arratsalde arrakastatsu bat izan zenaren poztasunarekin gelditu ginen bertan lanean jardun genuen guztiok eta baita ikuskizunaz gozatzen zeudenak ere.

Pailazoek ere, geuk bezalaxe, itzelean igaro omen zuten arratsaldea horrelako publiko jatorrarekin eta zinez eskertu zuten gure dantzarien laguntza.

Uzturpe Ikastolaren aste kulturalarekin bat egiten zuen ikuskizuna, 18:00etan hasi zen eta ohartzerako amaiera ematen ari ziren "Pausoka pausoka" kantarekin batera. 

Geu ere irrien lagunak sentitu ginen eta demasekoa izan zen arratsalde hura. Kanpoko hotzaz erabat ahaztu eta sekulako giro aparta eta goxoa sortu zen gure artean. 

Laister arte Pirritx, Porrotx eta Marimotots! 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!