Ederra asteburua!

Erabiltzailearen aurpegia Otsabiope - Altzoko Gaztetxea 2015eko abenduaren 17a

Asteburu benetan polita bizitu genuen Altzoko herritarrok abenduko bigarren astean.

Otsabiope Gaztetxeak, bere bideari hasiera emateko, frontenis txapelketa antolatu du herrian giro polita sortzeko asmotan, eta baita lortu ere!

Larunbat goizean urduri bildu ginen gaztetxeko kideok herriko pilotalekuan, zerbait gaizki aterako ote zenaren beldurrez. Baina gogoz eta irrikan geunden, eta indarrak hartu eta frontoia prest utzi genuen txapelketarako.

Goizeko 9:00etan eman genion hasiera txapelketari, kanporaketa partiduekin, eta horietako zazpi jokatu ondoren, bazkaltzeko tartetxo bat utzi genuen. 15:00retan izan genuen hurrengo partiduaz gozatzeko aukera, eta arratsaldean zehar beste sei partidu jokatu ziren. Igande goizean beste zazpi partidu izan genituen, horietako lau final-hamaseirenak eta gainerakoak final-zortzirenak. Arratsaldean, berriz, beste sei partidu bizitu genituen gertu-gertutik, horietako bost final-zortzirenak, eta azkena final-laurdena.

Denetariko partiduak ikusteko aukera izan dugu: luzeak, motzak, errazak, zailak, biziak, motelak… Baina denak ere giro bikainean jokatuak, eta gerturatu zen jendeak gozatzeko modukoak ere bai.

Igande honetan txapelketaren azken txanpa izango dugu, falta diren final-laurden, finalerdi eta azkenik, finalarekin. Beraz, pasa dena bezain asteburu polita bizitzea espero dugu, denok batera txapelketarekin gozatuz, eta baita bertako giro ederrarekin ere!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!