36

Erabiltzailearen aurpegia Alex Padilla 2023ko uzt. 1a, 07:59

20:56. Hemen nabil, udako arratsalde horietako batean iritzi artikulu hau idazten. Gaurkoa ordea, berezia da. 35 urterekin egingo dudan azken gauza izango da eta. 3 ordu barru 36 beteko ditut. Afaria prestatzen hasiko naiz eta segituan naiz zuekin.

21:27

Quinoa entsalada bat afaltzen dudan bitartean, hausnartzen hasi naiz. Bere buruarekin asko hitz egiten duen pertsona horietako bat naiz, bai! 36 urte betetzera noan momentu honetan, mundu honetan non eta nola nagoen galdetzen diot behin eta berriz neure buruari. Eta gauzak ondo edo gaizki ateratzen ari zaizkidan edo ez. Urteak betetzeak hori ere ekartzen du, ez? Abenduaren 31 guztietan urteko errepasoa egiten dugun bezala, urteak betetzerakoan ere gure bilakaeraren gogoeta edo hausnarketa filosofiko horietako bat egitea ohikoa izaten omen da. Eta gaur niri tokatu zait.

21:42

Sofan etzan eta konturatu naiz 50 urte betetzeko 14 falta zaizkidala. Broma hau beti egiten digu lagun batek. «14 urte 50 izateko!». Baina egia da gertuago nagoela 50etik 20tik baino eta uff… gogorra egiten zait pentsatzeak bizitzak hartu duen abiadura hau geroz eta azkarragoa dela.

21:48

Zer ekarpen egin ote diot nik orain arte gizarteari? Eta honek niri? Horrelako galderak suertatu zaizkit bat-batean. Telebista piztuta daukat. Telesail bat ikusi nahi dut Netflixen. Black Mirroren azken atalak estreinatu omen dira. Ikusi beharko.

21:52

Telesaila ikusten hasi eta hausnartzen jarraitu dut. 36 urte eta oraindik bizitza eraikitzeke. Ez dut ez pisurik nire izenean, ezta auto edo bikoterik… Seme-alabarik ere ez… Txikiak ginenean, gure etorkizuna irudikatzerako garaian, ez nuen inoiz horrelako egoera bat irudikatzen. Familia standar horietako bat eraikiko nuela uste nuen. Ojo… spoiler: egon lasai… ez dago dramarik istorio honetan eh? Oso pozik bizi naiz eta!

 

«Ez dezagun geure burua gehiegi jipoitu bizitzan aurrera goazen heinean, lortu ez ditugun gauzengatik. Hausnarketa sakon horiek egiten ditugun bitartean, bizitzak aurrera egiten duelako...»



Baina orduan konturatu naiz, zenbat denbora galtzen dugun, gure etorkizunean pentsatzen eta hausnartzen, momentua (orain), gertatzen ari den hori bizitzen baino. Ni lehena. Presio gehiegi jartzen diogu geure buruari txikitatik irudikatu genuen etorkizun hori, errealitate bihurtzen ez dela ikusten dugunean. Izan nahi genuen hori, izango ez garela konturatzen garenean. Konturatu gabe, seguruenik, zure egungo erabakiek (on zein txarrek), gaur egun zaren hori izatera eraman zaituztela. Utzi diezaiogun geure buruei lasai bizitzen, inolako zama edo lastrerik gabe. Asko hausnartzeak, gehiago erretzen gaitu, gehiago frustratzen gaitu… Ez dakit on asko egiten digun. Ez dezagun geure burua gehiegi jipoitu bizitzan aurrera goazen heinean, lortu ez ditugun gauzengatik. Hausnarketa sakon horiek egiten ditugun bitartean, bizitzak aurrera egiten duelako… Eta gu, konturatu ere ez gara egin, urtebetetzeko kandelak itzaltzen ditugun arte.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!