Renfe, Lurraldebus… Tolosaldeko garraio publikoaz…

Erabiltzailearen aurpegia Alex Padilla 2023ko api. 16a, 07:58

Bai… asmatu duzu! Garraio publikoaz hitz egitera noa. Tolosaldeko garraio publikoaz. Eta jada aurreratzen dizuet, ez dizkiodala oso hitz politak eskainiko. Haserre nago. Oso haserre. Beharbada, zu ere ni bezain haserre zaude eta bat egingo duzu nire gaurko hausnarketarekin. Jakin ez zaudela bakarrik borroka honetan.

Hauteskunde kanpainan egonda, ongi iruditu zait, herritarron bizitzetan zuzenean eragiten duen gai bati minututxo batzuk eskaintzea: gure garraio publikoaren zerbitzu kaxkarra.

Donostian egiten dut lan eta kotxea hartu beharrean, garraio publikoan mugitzen naiz. Puntual iritsiko den tren bat hartzeko esperantzarekin, Tolosako tren geltokian hartzen dut trena. Eta ez… trena ez dator puntual. 5 minutu, 10 minutu… 20… 35... Geltokia jendez gainezka jartzen da. Hegazkin bat hartu behar duen pertsona bat ernegatzen hasi da, bilera garrantzitsu batera garaiz iritsiko ez den beste pertsona bat ere berotuta dago eta horrela behin eta berriz. Eta inolako azalpenik eman gabe. Ahhh… eta egunero hartzen duzun tren hori, bihar akaso ez da pasako. Eta azalpenik ez. Eta berandu zoaz leku guztietara. Eta amorrazio konstante batean zaude; izan ere, ez dakizu garaiz iritsiko ote zaren edo Hernani eta Martutene artean geldirik izango zaituzten (egunero!). AHTko obrak direla-eta Donostiako geltoki berria eraikitzen hasi zirenetik, Renfeko zerbitzua kaos bat da eta herritarrok ez dugu horrelako errespetu faltarik merezi.

 

«AHTko obrak direla-eta Donostiako geltoki berria eraikitzen hasi zirenetik, Renfeko zerbitzua kaos bat da eta herritarrok ez dugu horrelako errespetu faltarik merezi»



Hau gutxi balitz, Lurraldebusek Tolosatik Donostiara eta Donostiatik Tolosara egiten duen ibilbidearen inguruan ere aipamen txiki bat egin nahiko nuke. Duela pare bat aste, Renfek asteburuan egin behar zituen obra batzuk zirela eta, busa hartzera joan eta arazo gehiago topatu nituen. Lurraldebusek ez zituen zerbitzu estrak jarri eta sekulako ilarak sortu ziren busak hartzeko. Autobus gidarien hitzetan, edukierak errespetatu behar zirela-eta ezin zutela ezer egin. Ziur irakurle, behin baino gehiagotan edukierak gainditzen dituen autobus batera igotzea tokatu zaizula. Goizetan ospitaleetara doazen autobus horietako batean, edota unibertsitateetara doazen bus horietako batean. Ados… ez dira edukierak gainditu behar. Baina edukierak goiz, arratsalde eta gauetako autobus zerbitzuetan bete behar dira, ez txoferrari sudur puntan jartzen zaionean. Edukieraren gai hau beste iritzi artikulu baterako ematen du. Ahhh eta autobusen gaueko zerbitzuaz hitz egiten dudala aprobetxatuz, ea Mugi txartelaren tarifa deskontu hori ere aplikatzen duzuen. 3,5 euro kobratzea Donostiatik Tolosara joateagatik… Gaur egun, Bilbora autobusez joatea merkeagoa da.

Hemendik muxu handi bat bidali nahi diot Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuna eta Lurralde Antolaketako departamentuari. «Zorionak» herritarron bizitza errazteagatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!