IT Txartela, labur azalduta, informatika ditugun ezagutzen agiri ofiziala izango litzateke: Bai… Word 2000 básico, Power Point XP, Internet básico eta horrelako izenburuak dituzten test azterketakgainditu behar ditugu, trukean gure lanposturako puntu estrak eskuratzeko.
Azterketa hauek KZguneetan egiten dira. «Ostras… KZguneak? Oraindik existitzen dira?», galdetuko diozue zeuen buruei batek baino gehiagok. Ba hala dirudi, bai! Urteak ez nuela KZgune bat bisitatzen. Txikitan askotan joaten nintzen etxean internetik ez genuenean, doan erabiltzeko. Orduak pasatzen nituen bertan. Gaur egun aldiz, ditxosozko IT txartela lortzeko eta Bakq-a eskuratzeko baino ez dut bisitatzen.
Egun hauetan zuen herriko KZgune batetik pasaz gero, ziur jendetza ikusiko duzuela azterketa madarikatu hauek egiteko zain. Lantokian ere ez da inflazioaz, beherapenez edo Ukraniako gerraz hitz egiten. Word edo Exceleko apunteak pasatzen dizkiogu elkarri, unibertsitateko azterketa bat gainditzeko prestatzen egongo bagina bezala.
Hala ere, azterketa edo galdetegi sorta hau oso zaharkituta dago: 2023. urtean, Internet avanzado (ojo… avanzado) ziurtagiria lortzeko, Internet explorer-en inguruko galdera sorta ikasi behar dugu. Internet explorer bai… Edota Word-eko gure ezagutzak demostratzeko, gaur egun jada existitzen ez den Clip mitiko hori desagerrarazteko pausoak zeintzuk diren jakin behar dugu. Lotsagarria… penagarria… ez dakit zein adjektiborekin deskribitu honek guztiak sortzen didan amorrua.
«Gauza bat aitortuko dizuet: alor digitalean egiten dut lan, sare sozialetan zehazki, eta beldurra dut ez ote dudan Excel, Word edo Interneteko azterketa gaindituko»
Gauza bat aitortuko dizuet: alor digitalean egiten dut lan, sare sozialetan zehazki, eta beldurra dut ez ote dudan Excel, Word edo Interneteko azterketa gaindituko. Tolosako KZgunetik pasatzen bazarete, betaurrekodun gazte altu bat ikusten baduzue, gerturatu zaitezte beregana eta gogoratu iezaiozue, Word 2000k gaur egun ez duela ezertarako balio eta azterketa gainditzen ez badu, ez dela ezertxo ere pasatzen. Animo «egonkortze prozesu» batean sartuta zaudeten irakurle guztioi!