Deskantsatu nahi eta ezin!

Erabiltzailearen aurpegia Alex Padilla 2022ko uzt. 23a, 20:58

Aurtengo BBK Live jaialdiko une bat. BBK Live

Akabo bakea. Amaitu da lasaitasuna. Badirudi pandemia aurreko garaietara itzuli garela. Betiko erritmo bizi eta frenetiko horietara. Deskantsatu nahi eta ezin. Gelditu nahi… eta ezin.

Niri behintzat hori pasatzen zait. Azkenaldian, ez naiz apenas etxetik pasatzen: herrietako festak, Bilbao BBK Live musika jaialdia, lagunekin asteburuetako bidaiak, hondartza… Hau dena, Tolosan astero-astero antolatzen diren azoka eta ekimen ezberdinak kontuan hartu gabe… Eromena.

Neure burua gelditzera behartzen saiatu arren, ezinezkoa zait. Beti dago eta zerbait etxetik kanpo egotera eramaten nauena. Eta ni bezala, nire inguruko lagunak ere berdin daude. Egia da, asko eskertzen dudala, berriz ere normaltasun batera itzuli izana, baina egia da, irailera arte asteburu guztietarako pare bat plan baino gehiago jada itxita izatea, zertxobait estresatzen nauela.

Zoragarria da berriz ere kaleak jendez beteta ikustea. Era guztietako azoka zein ekitaldi musikalekin gozatzea… baina batzuetan beldur naiz ez ote garen erotzen ari hainbesteko eskaintza eta aukera ezberdinekin. Pandemiak eman zigun lasaitasun eta patxada hori luzerako geratuko zela uste nuen, baina argi eta garbi ikusten da, askori erritmo karibeño horiek segituan ahaztu zaizkigula.

«Neure burua gelditzera behartzen saiatu arren, ezinezkoa zait. Beti dago eta zerbait etxetik kanpo egotera eramaten nauena»

Beldurra diogu zerbait galtzeari. Ez dugu EZER galdu nahi. Afari bat, musika kontzertu bat, erakusketa berri baten irekiera… edozer. Eta ulergarria da, ezta? Ez dut kontrakorik esaten, baina azken aste hauetan buruari buelta asko eman dizkiot gai honen inguruan. Gelditzeari beldurra diogu? Lagunekin gai hau mahai gainean jarri dudanean, batek baino gehiagok esan dit: «Hiltzerakoan deskantsatuko duzu… orain… aprobetxatu!». Eta egia da, gaur egungo gizartea, betiko erritmo bizi horietara bueltatzen ari den momentu honetan, deskantsua edo etxean gelditzearena, berriz ere, gaizki ikusia dagoela.

Aurtengo oporretan ez dut ezer berezirik egin nahi. Ezer ez egitea eta deskantsatzea dira nire helburu bakarrak. Beldur naiz ez ote dudan lortuko. Beharbada, mugikorra itzali eta sare sozialak kendu beharko ditut mundutik deskonektatu eta lasai-lasai estresik eta planik gabe egun batzuk pasatzeko. Kontatuko dizuet.

Bitartean, ondo pasa uda eta topera bizi (deskantsatu edo deskantsatu gabe).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!