Ez dut inoiz etxe bat erosteko asmo edo ilusio berezirik izan. Ipurtarin bat izan naiz beti eta gaur egun Tolosan bizi naizen bezala, beharbada hurrengo urtean Madrilen egon naiteke lan edo proiektu berri batekin eta horregatik ez dut inoiz etxe batekin lotura berezirik izan. Gaur egun arte.
Pisuen alokairuaren prezioak ikusita, inbertsio moduan etxe bat erosteko ideia hori geroz eta gehiagotan pasatzen da nire burutik. Nire lagun guztiek jada beraien pisu propioa dute eta ez dakit… nirea izango den zerbaiten ideia hori, bueltaka dabil azkenaldian.
Bakarrik bizi naiz eta seme-alabak izatea ez da nire etorkizuneko planetan sartzen. Hori dela eta, nire bizitzako proiektua eraikitzeko ideia horretan, beharbada etxe bat erostea hasiera izan daiteke.
«Nire bizitzako proiektua eraikitzeko ideia horretan, beharbada etxe bat erostea hasiera izan daiteke»
Argi geratu zait, pertsona edo bikote batek etxe bat erosteko erabakia hartzen duenean, argi izan behar duela egunean denboratxo bat eskaini behar diola. Lan bat dela, azken finean. Idealista eta Fotocasa bezalako web orriak, ligoteorako appak bezainbeste erabiltzen hasi naiz egun hauetan. Eta bai… lagunek jada aurreratu didate, gustuko duzun etxe bat ikusten duzunean, berehala deitu behar duzula bisita bat ixteko eta hipoteka ere erdi itxita ere izan behar duzula. Aukera eta pisu onak oso azkar desagertzen direlako eta aplikazioetan atera bezain azkar saltzen direla gehienak. Ufff… a ze estresa!
Eta gero hor hasten dira komeriak: argi gutxi, metro gutxi, goitik behera berritu beharra, balkoirik ez… eta batez ere: prezioa. JO-DER… ez dakit jendeak nola egiten duen etxe bat hain azkar erosteko. Guztiz hipotekatzen du bere burua?
Bakarrik bizi garenok, zailtasun gehiago ditugu etxe bat erosteko garaian. Eta nahiz eta soldata on bat izan, sentsazioa daukat oso bakarrik gaudela. Traba dexente topatzen ditugula etxea erosteko abentura horretan. Adinez aurrera goazen heinean, geroz eta exigentzia/behar gehiago izaten ditugu eta noski… oso zaila da buruan duzun etxe idealizatu hori topatzea. Eta beharbada, bikote bat idealizatzen dugun bezala idealizatzen ditugu etxeak.
Horregatik, norbaitek bere etxea edo lagun/ezagun baten etxea salgai baldin badauka, jar dadila nirekin harremanetan @alexkalextrik Instagram edo Twitter kontuan. Beharbada, nire etorkizuneko etxea topatzen lagunduko didazue.