Despedidak

Erabiltzailearen aurpegia

Lasai egon, iritzi artikulu honek ez dizu ezkontzear zaudela lagunek egiten dizuten festa horien inguruan hitz egingo... Nahiago nuke ba nik despedida mota horietaz hitz egin.

Zer moduz joan da zure uda? Ondo espero dut! Nire kasuan ez da oso oparoa izan. Hilabete konplikatuak izan dira eta sentimenduak pil-pilean izan ditut ia une oro. Negar asko egin dut uda honetan. Negar gehiegi.

Uda mugitua izan dut bai baina ez niri gustatuko litzaidakeen mugimenduarekin: nire oso gertuko bi pertsona galdu ditut azken bi hilabeteetan eta horrek zeharo aldrebestu ditu nire planak eta nire eguneroko alaitasuna. Denbora gehiago pasa dut hileta-elizkizun edo beilatokietan, taberna edo festa batean baino.

Hori gutxi balitz, datorren astean, erronka profesional berri bati ekingo diot (oso gogotsu!) eta hortaz, azken hiru urteetan nire lankide izan direnak agurtzeko momentua ere iritsi da. Azken aste hauetan, mugikorrean gordeta ditudan argazki eta bideoak errepasatzen nabil. Zenbat momentu on pasa ditugun elkarrekin, zenbat barre, zenbat kafe tontakeriez hitz egiten genuen bitartean… izugarri botako ditut faltan.

Azken batean, oroitzapenei eustea baino ez zaigu geratzen despedidak modu errazago batean  ‘digeritu’  ahal izateko

Ai ze zaila den despeditzea! Ze zaila den maite dituzun lagun, familia eta lankideez agurtzea. Beti esan izan ohi da, ez gaituztela despedida edo agurretarako prestatzen. Nik oso gaizki pasatzen dut. Negar malko ugari botatzen ditut norbaitez agurtzen naizenean, eta zer esanik ez, azken agurra baldin bada.

Azken batean, oroitzapenei eustea baino ez zaigu geratzen despedidak modu errazago batean digeritu ahal izateko. Eskerrak whatsapp audio eta mezuei, eskerrak egiten ditugun argazki eta bideo guztiei… Hilabete hauetan asko lagundu didate dolua, beste era batera eramateko.

2021ari geratzen zaizkion lau hilabete hauei nitaz ahazteko eskatuko nieke. Ez dut beste agurrik edo albiste txarrik jaso nahi. Kolpe dezente daramatzat azkenaldian eta bolada batez lasai egotea ere tokatzen zait.

Hau ez da Atariako nire despedida (hori espero dut behintzat!). Etorriko dira gehiago. Bitartean, zaindu zaitezte eta gozatu zuen ingurukoez.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!