Planik gabe

Erabiltzailearen aurpegia Alex Padilla 2021ko api. 11a, 19:58

Ez dut planik 2021erako eta lasai-lasai bizi naiz. Beti izan naiz planak azken momentuan antolatzen dituen pertsona horietako bat. Gauzak denboraz planifikatzea ez dator bat nirekin.

Udako oporrak edota asteburu bateko planak beti azken momenturako uzten ditut. Nire lagunak beraien onetik ateratzen ditut nire planifikazio eza honekin, baina horrela erosi ninduten ;)

Inprobisazioaren fan amorratua naiz. Azken orduko ezusteko eta planen aldekoa. Egun batetik bestera antolatutako egunpasen, mendi buelten, lagun eta/edo familia bazkarien fana.

Eta zorionez, bizitzen ari garen 2021. urte hau, inprobisatzeko urtea izaten ari da. Ezin izan dugu Aste Santuko oporraldi zoragarri horietako bat antolatu eta egun batetik bestera suertatzen zitzaizkigun planak egin behar izan ditugu. Uda ere berdintsu datorrela ematen du.

"Hau irakurtzen duzun bitartean, planik gabe jarraitzen baldin baduzu, lasai hartu! Ez zaude bakarrik ;)"

Abuztuko oporrak Uztailean antolatu beharko ditudala geroz eta argiago ikusten dut. Eta horrek, urduri edo triste jarri beharrean, emozio eta morbo puntu bat ematen dio nire ustez. Inprobisazioak gure sormena garatzen laguntzen du eta kreatibitate horrek gure eguneroko bizitza positiboago egitea ahalbidetzen du.

Azken batean, ezjakintasun nazkagarri honi alde positibo bat topatzen saiatzen naiz, besterik ez. 2021ari aukera bat eman nahi diot eta inprobisatzeko, «jolasteko» urte bat izango balitz bezala ikusi. Inprobisazioak sortzen dizkigun ezustekoak gure monotonia honi emozio apur bat gehitu diezaion. Hau irakurtzen duzun bitartean, planik gabe jarraitzen baldin baduzu, lasai hartu! Ez zaude bakarrik ;).

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!