Eskerrik asko, koronabirus

Erabiltzailearen aurpegia Alex Padilla 2020ko mai. 24a, 05:59

Bai, titular polemiko bat bilatu nahi izan dut, iritzi artikulu honek zure arreta piztu dezan. Hilabeteak daramatzagu gai beraren inguruan hitz egiten baina orain arte ez dut artikulu baikorrik irakurri koronobirusaren inguruan. Posible ote?

Dagoeneko bi hilabete pasa dira etxean konfinatu ginenetik eta hausnartzeko denbora asko izan dut. Nork esango zigun guri, inauteriak pasa eta handik egun gutxira, etxetik atera ezinik egongo ginela?

Bakarrik bizi naiz Tolosan. Familia Villabonan bizi da eta oraindik ezin izan ditut ikusi. Ez naiz etxean ordu asko pasatzen dituen horietakoa eta dudarik gabe, konfinamendua sekulako erronka pertsonala izan da niretzat. Kalezale amorratua naiz eta etxetik ezin ateratzeak, bizitza beste era batera birplanteatzera behartu nau. Eta gustatu zait… asko gainera!

Dudarik gabe, pandemia honek eragin dituen (eta eragingo dituen) ondorioak oso gogorrak dira bai. Hala ere, egoera honek utzi dizkigun alde positiboak bilatzen saiatu naiz. Badituelako bai! Eta zurekin elkarbanatu nahiko nituzke.

Eskerrik asko, koronabirus... Bizitza presarik gabe bizi daitekeela gogorarazteagatik. Dudarik gabe, gehien gozatu dudan plazera izan da.

Kulturak eta hori posible egiten duten eragileen lanak duen garrantzia azpimarratzeagatik. Jada ez dakit zenbat telesail, filma, kontzertu online ikusi ditudan egun hauetan guztietan. Bizitza salbatu didazue.

Egunero kirol pixka bat egiteko, gogoa baino ez dugula behar argi uzteagatik. Etxeko sala kiroldegi txiki bat bihurtu da honezkero. Patri Jordan eskerrik asko kilo batzuk galtzen laguntzeagatik.

Bizilagunen abilezia musikalak gurekin partekatzera animatu dituzulako. Faltan botako ditut tronpetak eta saxofoiak.

Betiko lagunak aste hauetan ere nire ondoan egon direla erakusteagatik. Pintxo pote birtual mundialak antolatu ditugu.

Hilabeteak daramatzagu gai beraren inguruan hitz egiten baina orain arte ez dut artikulu baikorrik irakurri koronobirusaren inguruan

Aspaldiko lagun onak berriz berreskuratzeagatik. Uff…. Izugarri botatzen nituen faltan! Patxadaz, lasai-lasai birra bat hartu eta bizitako momentu zoragarri horiek berriz 2020ra ekartzea, sekulako gozamena izan da.

Telelana posible dela argi uzteagatik. Etxea bulego bihurtu eta kozinatzen gauden bitartean, bilera birtual bat izan dezakegula konfirmatu didazu.

Mundu digitalean, komertzio txikiak ere bere arrakasta izan dezakeela erakusteagatik. Zorionak, Gogoko.

Besarkada eta muxu batek gure eguneroko bizitzetan duten garrantzia erakusteagatik. Izugarri botatzen ditut faltan.

Familiak gure eguneroko bizitzetan duen garrantzia eta balioa argi uzteagatik. Irrikitan nago Villabonara joateko.

Eta Osasun zerbitzu publiko potenterik gabe ez garela ezer erakusteagatik. Eskerrik asko egindako lan guztiagatik.

Zaindu zaitezte eta eutsi goiari!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!