Alegiako Herri Eskolako hamabi ikaslek (10–11 urte) hartu dute parte Desioen Basoa tailerrean. Basotik Fundazioaren ekimen honek basoen balioari buruzko kontzientzia indartu eta haien kontserbazioaren garrantzia azpimarratzen du, kudeaketa jasangarriaren bidez.
Tailerra lau ataletan antolatuta egin dute: basoaren testuingurua eta funtzioak; espezieak ezagutzea eta identifikatzea; basoen kudeaketari buruzko gogoeta; eta kudeaketak biodibertsitatean, lurzoruan zein uretan duen eragina.
Ordubete iraun du saioak, eta jardunean uztartu dituzte ikus-entzunezko materiala, talde-lana eta fitxa didaktikoak. Saioarekin amaitzeko, zuhaitz txiki bat landatu dute sinbolikoki, basoarekiko lotura sendotzeko.
Ikuspegi integrala
Jarduera hau Basotik Fundazioa otsailaren eta martxoaren artean Gipuzkoako hainbat ikastetxeetan garatzen ari den tailer-programaren parte da. Ekimenaren helburua da gazteenei basoa gerturatzea, eta arreta sakoneko erronka batean jartzea: gero eta larriagoa den basoen abandonuak ekar ditzakeen sute eta ingurumen arriskuak.
Hain zuzen, testuinguru horretan sortu zen Basotik Fundazioa basoen abandonuaren erronkari aurre egiteko. Klima-aldaketaren mehatxuaren aurrean, fundazioak irtenbide integrala eskaintzen du lurralde-oreka berdea babesteko, CO2 xurgapena handitzeko, uraren eta lurzoruaren kalitatea hobetzeko eta habitatak babesteko.
Halaber, basoen bio-ekonomiaren garapena sustatzen du, zuraren erabilera iraunkorra bultzatuz. Fundazioaren nahia herritarrak eta sektore ekonomikoak basoen kudeaketa jasangarrian inplikatzea da. Eta horretarako diseinatutako sozializazio-ekintzetako bat izan da Alegiako Herri Eskolan burutu dutena.