11/13 makroepaiketari buruzko batzar informatiboa Ibarran

Erabiltzailearen aurpegia Ainhoa Muñagorri 2019ko mai. 27a, 12:26

Berriki jakin dugu euskal presoen aldeko jardunean aritu izan diren 47 herritarren aurkako epaiketa Irailaren 16an hastekoa dela. Guztira, 601 urteko espetxe zigorrak eskatzen dizkiete.

Auziperatuta dauden kideetako bat Ibartarra da: Jon Mintegiaga Oiarbide “Minde”.  Fiskalak 15 urteko eskaera egin du beretzat.

Auziperatuen artean aurkitzen da ere, egun Urnietan bizi den Jesus Mari Aldunberri Urkizu “Kudu” Elduaindarra. 13 urte t’erdiko eskaera fiskala du gainean.

Minderen senide, lagun eta gertukoak kezka handiz jaso dugu berria, eta eskariaren tamaina ikusita, gaia herritarrekin eta eragileekin partekatzeko beharra sentitu dugu.

Ahatik, makroepaiketa berri hau, Ibarrako auzi huts bat edo afera lokala izateaz harago, eskualdean eta Euskal Herrian ere, eragina izango duen auzi bat dela uste dugu. Horregatik, etorriko diren dinamiketan parte hartzera deitzen ditugu ibartarrak zein Tolosaldeko herritarrak. Elkartasunaren mezua eta injustiziaren aldarria lau haizetara zabaltzera.

Epaiketaren nondik norakoak zehatzago azaltzeko, batzar informatibo bat burutuko genuke Ibarrako Kultur etxean, Ekainaren 5ean, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan.  Ibarrako herritarrak nahiz eskualdekoak, guztiak gonbidatuta zaudete. 

Bertan elkar ikusiko dugulakoan.

 

Senide eta lagunak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!