Elkarrizketa

«Hezkuntza eta sentsibilizazioa inoiz baino garrantzitsuagoak dira»

Erabiltzailearen aurpegia Agurtzane Belaunzaran 2024ko api. 18a, 16:00

Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziako —UNRWA- Gipuzkoako hezkuntza teknikaria da Miriam Amubieta ibartarra; argi du hezkuntza «gizarte eraldaketarako» tresna dela.

Ekialde Hurbileko gatazkarik luzeena ahaztu ez dadin, hezkuntza proiektu ezberdinetan dabil Miriam Amubieta Bengoetxea (Ibarra, 1988). Izan ere, Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziako —UNRWA— Gipuzkoako hezkuntza teknikaria da eta hezkuntzaren bidez, sentsibilizazioa, enpatia eta kontzientziazioa lantzea ditu xede. Israelen okupazioak sortu dituen gizarte arrakalak eta Palestinako errefuxiatuek jasaten dituzten injustiziak bistaratzeko helburuarekin, hezkuntza «gizarte eraldaketarako» tresna dela argi du.

1950an UNRWA Palestinako errefuxiatuei babesa ematen hasi zen. 74 urte igaro dira.

1948an 720 mila palestinarrek alde egin zuten Palestinatik Israelek hasitako okupazioagatik. Mugakide dituzten herrialdeetara mugitu ziren eta UNRWA errefuxiatu hauei babesa emateko sortu zen. Hiru urtetarako sortu zuten, ustez, momentuko egoera horri konponbidea bilatuko zitzaiolakoan. Denbora pasa ahala beharrak areagotzen ari dira, behin-behineko irtenbiderik ezean errefuxiatuen seme-alabak errefuxiatu izaten jarraitzen baitute, egun sei miloi palestinar errefuxiatu daude. Errefuxiatu egoeran urte gehien daramaten gizon emakumeak dira.

Libano, Jordania eta Siriako errefuxiatu kanpamentuetan eta Palestinako lurralde okupatuetan -Zisjordania eta Gazako zerrendan- egiten du UNRWAk landa lana. Zertan zehazki?

Bertan errefuxiatuei oinarrizko zerbitzuak eskaintzen zaizkie; osasuna, hezkuntza, gizarte zerbitzuak, mikrofinantzak, kanpamentuen hobetzea, garapen proiektuak eta larrialdi egoeran daudenean laguntza humanitarioa eta laguntza espezifikoa eskaintzen zaizkie. Gazan esaterako une honetan laguntza humanitarioa jasotzen dute, baita Siriako gerraren testuinguruan daudenak ere. UNRWAren langileen %98 palestinarra da.

Mugakide dituzten herrialdeetako errefuxiatuen egoera zein da?

Oso egoera ezberdinak daude. Siriako errefuxiatuen kasuan adibidez, errefuxiatu izateaz gain, duela 13 urte gerrak eztanda egin zuen eta errefuxiatu guneetatik mugitu behar izan zuten eta berriro bizimodu berri bat eraiki beste toki batean. Pasa den urtean lurrikara izan zuten, egoera konplikatu asko bizi izan dituzte. Libanoren kasuan oso egoera zaurgarrian daude; herritartasunik ez zaie aitortu, zerbitzu publikoko laguntza askotatik kanpo daude, lanbide asko debekatuak dituzte eta propietate pribatua debekatu zaie. Bigarren mailako herritarrak dira eta askok beraien bizitza errefuxiatu kanpamentuetara murriztu dute. Jordanian dago errefuxiatu gehien eta hauen egoera egonkorragoa da.

Zisjordania eta Gazako zerrendan bizi den egoera berriz gupidagabea.

Palestinako lurralde okupatuetan egoera oso konplikatua da duela sei hilabetetatik, baina, urriaren 7a baino lehen ere Gazan egoera oso konplikatua zen. Blokeatuta egon dira 17 urtez eta horrek eguneroko bizitzan muga nabarmenak dauzka, ezin dute ezer sartu eta atera Israelen baimenik gabe. Kartzela handi bat da Gaza eta erasoak jaso dituzte aspaldidanik, oraingo egoerak aurrekaririk ez duen arren. Gaur egun, larrialdi humanitarioa latza da.

Biztanleen %75 inguru lekuz aldatzera behartu dira Gazan, 2.1 milioi pertsona bizi dira, 1.700.000 errefuxiatuak. Pilatuta eta lurrez erasoak izateko beldurrez daude eta laguntza humanitarioa ukatzen zaie gainera. UNRWAri eragotzi egin zaio iparraldera joatea kamioiekin eta iparraldean dagoen jendeak oinarrizko laguntzarik ere ezin du jaso. Gosetea handitzen doa, garbitasun arazoak sufritzen ari dira eta egoera luzatzen bada gaixotasunak zabaltzeko aukera dago. Zisjordanian ere urriaren 7tik indarkeria egoera asko ugaritu da Israelgo armada eta kolonoen aldetik.

Landa lanaz gainera, gizartea kontzientziatzea ere bada zuen lana..

Gure lana hemen hezkuntza eta sentsibilizazioa dira. Hango errealitatea hemengo jendeak ezagutzea, han gertatzen dena humanizatzea eta kontzientzia hartzea giza eskubideen ikuspuntutik, gero mobilizatu ahal izateko. Palestinako egoeraren dimentsioa ulertzea nahi dugu, ia 75 urtetik gora daramate errefuxiatu izaten eta hori gogorarazi nahi dugu. Aldarrikatuz palestinarrek eskubidea badutela soluzio bat izateko behin-betikoa eta justua. Jende helduak badu sentsibilizazioa Palestinarekiko, gazteek ez dute ordea hainbesteko ezagutza, eta zaila da solidario izatea ezagutzen ez duzunarekin.

Hezkuntza gizarte hobeago edo globalago baterako giltza ote?

Eraldaketarako tresna da zalantzarik gabe. Hezkuntza eta sentsibilizazioa inoiz baino garrantzitsuagoak dira une honetan. Kontzientzia hartzeko lehen pausua ezagutza da.

Gazteengana nola hurbiltzen zarete?

Ikastetxeetan eta unibertsitatean egin izan ditugu proiektuak. Villabonako Erniobea ikastetxean esaterako oso proiektu polita egin genuen. Ikasleak testuinguruan jarri genituen, Palestinako egoera azaldu eta errefuxiatuen egoerak zein dimentsio hartzen dituen azaldu zitzaien. Beraiekin gero podcast tailer bat landu zen eta Palestinari buruzko gaiak landu zituzten. Zizurkilgo kultur etxean estereotipoei buruzko erakusketa bat ere jarri genuen.

Generoaren arloa ere lantzen duzue.

Errefuxiatu egoeran daudenen artean ez baita berdina gizona edo emakumea izatea. Hau asko azpimarratzen dugu eta emakumeen historiak lehen planora ekartzeko hautua egiten dugu. Erreferenteak dira, emakume hauen historiak erdigunera ekarri ditugu, beraien borroken eta lorpenen berri emanez.

Horregatik akaso eskuartean dituzun bi liburu hauek, 'Genealogia Feminista II' eta 'Ahlam, Bizitza batekin amestuz'?

Alor askotan erreferente diren emakume hauek ezagutzeko modua dira azken bi liburu hauek. Genealogia Feminista liburuan, Palestinako lurralde okupatuetan bizi diren emakumeen egoera, zailtasunak eta erronkak jaso dira. Bizitza historiek osatzen dute liburua. Ahlam, Bizitza batekin amestuz komikia da eta Libanoko errefuxiatu kanpamentuetako lau emakumeren historiak lehen planora ekarri dira: erizaina, gizarte langilea, futbol entrenatzailea eta arte ederretako ikasle baten istorioak kontatzen dira labur-labur.

 

PALESTINAKO EGOERA HOBETO EZAGUTZEKO

Film bat. The Tower (Mats Grorud).

Liburu bat. Olivo roto, escenas de la ocupación (Teresa Aranguren).

Genealogia Feminista II (https://unrwaeuskadi.org/wp-content/uploads/2023/03/genealogia2_eusk.pdf)

Komiki bat. Palestina (Joe Sacco).

Ahlam, Bizitza batekin amestuz ( https://unrwaeuskadi.org/wp-content/uploads/2022/03/Comic-Ahlam-Sonar-con-una-vida-Euskera.pdf)

Erreferente bat. Ezagutu ditudan Palestinako emakume errefuxiatu guztiak, daukaten bizirauteko eta aurrera egiteko indarragatik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!