Sahararen subiranotasuna aldarrikatzeko eguna

Erabiltzailearen aurpegia Agurtzane Belaunzaran 2024ko otsailaren 27a

Fronte Polisarioak Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatu zuela 48 urte betetzen dira gaur; Tolosaldea Sahararekin elkarteak deituta elkarretaratzea egingo dute Tolosako Trianguloan.

1976ko otsailak 26an atera zen  Espainiako azken militarra Mendebaldeko Saharatik, 53. probintzia izendatua zuen lurraldetik, jarraian Fronte Polisarioak SEAD (Sahara Errepublika Arabiar Demokratikoa) aldarrikatu zuen, Saharari lurraldetasuna aitortuz. Espainiak ez zuen zegokion deskolonizazio prozesua ondo egin eta Marokoren eskuetan utzi zuen lurraldea. Orduz gero, erresistentzia, aldarrikapenak eta nazioarteko legedia betearazteko eskaeren zurrunbiloan bizi dira sahararrak. 


Egoera hau salatzeko elkarretaratzea egingo dute gaur, Tolosako Trianguloan, 18:30ean. Tolosaldea Sahararekin elkarteak deitu du Maroko mendebaldeko Saharatik at lelopean. Deialdi horrekin batera eskualdeko udaletxe bat baino gehiagotan Saharako banderak zintzilikatuko dituzte gaurko eguna gogoratzeko.  Tolosaldea Sahararekin elkarteko kideek honelako ekintzak sahararrentzat «elkartasun eta besarkada keinuak» direla adierazi dute. 


Adnan Dahi Gipuzkoako Sahararren Elkarteko lehendakaria da eta gaurkoa saharar guztientzat oso egun «esanguratsua» dela azaldu du, «estatuaren onarpenak gatazkari amaiera emango dio» gaineratuz. Gehiegi luzatu da gatazka, mende erdi, eta ordainetan okupazioa, erbestea, diaspora, gerra, torturak, biolentzia eta gatazka konpontzeko borondate eza jaso dituzte sahararrek. «Marokok sekula ez du gatazka onartu eta 2020ko azaroan su etena puskatu zuenetik gerra egoeran gaude, zibilak hil dira, higadura gerra bat da», azaldu du Dahik. «Azken gerra hau ere ez du onartzen Marokok, isiltasun mediatiko osoa du gatazka honek». Saharako lurra eta itsasoa aberatsak dira, fosfatoa eta arrantzagatik bereziki. Irmo azaldu du Dahik, «Marokok ustiatzen ditu gure fosfato meategiak eta gure uretan Espainiako zein atzerriko arrantza ontziek arrantza egiten dute, guri dagokigu ustiaketa honen ardura». Marokok autonomia eskaini zion Saharari, baina Fronte Polisarioak nazioarteko legedia betetzea eskatzen du, erreferenduma egitea, alegia. 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!