ELKARRIZKETA

«Fraideei ahotsa eman eta egin duten lanaren aitortza da»

Erabiltzailearen aurpegia Agurtzane Belaunzaran 2024ko urt. 14a, 07:59
Pello Sarasua 'Arantzazu. 36 zm, 5 mende eta herri 1' dokumentalaren zuzendaria. A.B.

Espiritualtasuna, kultura eta natura ditu ardatz Arantzazu. 36 zm, 5 mende eta herri 1 dokumentalak. Fraideen testigantzak dira nagusi eta Arantzazu erdigunean jarri eta herriari egin dion ekarpena jaso du Sarasuak. Zinebin Bertoko Begiradak sailean estreinatu da, eta laster zinema aretoetara iritsiko da.

Estreinakoz aritu da kameren atzean lanean Pello Sarasua Arrastoa (Amasa-Villabona, 1969). Ikasketez kimikaria bada ere, hezitzaile eta gizarte eragile lanbidez eta bokazioz. Eskarmentua eta ibilbidea badu jendartean lanean; isilean beti, atzetik, ikusi ez baina eragina baduen horretan. Arantzazuko fraideei elkarrizketak egiteko proposamena jaso zuenean, baiezko borobila eman zuen. Konfiantza giroan eta su goxoan gozo-gozo, landutako elkarrizketa intimoak jaso eta lehen aldiz frantziskotarrak protagonista diren dokumentala osatu du Arantzazulabekin elkarlanean.

Arantzazurekin zein harreman izan duzu?

Arantzazurekin dudan harremana 2008an hasi zen, Baketiken egin nuen lan, eta lau urtez egunero Arantzazu bidean ibili nintzen. Frantziskotarrekin bagenituen proiektu batzuk, eta hor sortzen da nolabait gure harremana, baina lan harremana zen. Proiektua amaitu eta gero ere, beti joan izan naiz Arantzazura; azken 15 urte hauetan, askotan etorri naiz, baina ez dakit asko egon naizen bertan; etorri bai, baina egon gutxi!

Eta Arantzazu egoteko tokia izan.



Hala da, Arantzazu egoteko toki bat bada, ezer egin gabe, bakarrik egoteko, disfrutatzeko, zeregin zehatz bat gabe, pentsatzeko, naturaz gozatzeko, isiltasunaz.

Duela bi urte jaso zenuen frantziskotarrei elkarrizketak egiteko proposamena.

Arantzazulabek sustatuko proiektua izan da, frantziskotarrei elkarrizketa sakonak egiteko asmoa zuten, ondare immaterial hori jaso asmoz. Elkarrizketak egiteko proposamena luzatu zidatenean, errespetu handia eman zidan, ni ez bainaiz kazetaria. Baina elkarrizketak egiteko lehenesten zutena elkarrizketatzailea frantziskotarrentzako konfiantzazko norbait izatea zen, eta ez nuen zalantzarik egin. Arantzazu hobeto ezagutzeko aukera ireki zitzaidan.

Eta hala izan al da?

Arantzazuko historia eta arteari buruzko datuak eta ezagupenak banituen. Baina frantziskotarren bizipenen berri ez nuen, ez nekien noiz eta nola iritsi ziren komentura, zergatik erabaki zuten edo ez zuten erabaki fraide izatea, ez nuen argi zein ekarpen egin zioten Euskal Herriari; eta elkarrizketa hauetan frantziskotarrek herriari egindako ekarpena bildu nahi zen, eta asko ikasi dut. Fraideez daukagun irudia komentukoa da, eguneroko bizitza erlijiora eta espiritualitatera bideratua. Baina frantziskotar bat euskaltzain buru izatera iritsi zen, Aita Villasante. Hil berria den Nikolas Segurolak, Artzain Eskola jarri zuen martxan. Zergatik egin diote bereziki frantziskotarrek horrelako ekarpena gizarteari?

Eta zergatik?

San Frantziskoren espiritualitatearekin zerikusi handia du. Ez da kasualitatea izan, azalpena badu, San Frantzisko XII-XIII. mendean jaio zen familia aberats batean, berak beste bizimodu bat eramatea erabaki zuen, apalago. Gizakia eta munduko kreazioak anai-arreba gisa berdindu zituen, bere espiritualtasunean anaidia oso garrantzitsua da. Frantziskotarrentzako anaidia ez da mugatzen komentura, ingurura zabaltzen da, Oñatira eta Euskal Herrira. Horregatik izan dute harreman handia herritarrekin, eta baita herriak ere Arantzazurekin.

 

«Frantziskotarrentzat anaidia ez da komentura mugatzen, ingurura zabaltzen da»



Herriarekin zuzen-zuzenean lanean.

Horrela ikusita ez da harritzekoa euskara edo artzainekin izan duten kezka. Nolabait ere, frantziskotar gehienak baserri mundutik etorritakoak izaki, euskara eta abereekin lanean ohituak zeuden.



Aita Villasante Euskaltzain buru eta Estatuko Artzain Eskola bakarra Arantzazun. Tradizioa eta modernitatea uztartuz.

Euskara normalizatu eta batzeko batzarra Arantzazun egin zen 1968an, euskara batuaren zimenduak izan ziren, ezinegon handia sortu zen garai hartan denetariko iritziak baitzeuden. Aita Villasante aukeratu zen euskaltzainburu, ziurrenik jendea elkartzeko zeukan dohainagatik. Artzain Eskolaren bultzatzaile nagusia, hil berria den Nikolasa Segurola izan zen, ikasketarik gabea baina jakintsua, ateak ireki zizkion genetikari eta modernitateari, teknikariei konfiantza guztia emanez. Bere garaian ezinegon handia sortu zuen honek ere artzaintzan. Ezagutzen ez ziren gauza asko zeuden, eta frantziskotarrak fidatu egin ziren. Ondorioz, gaztagintzan aurrerapena eman zen, ardi latsa prestigiorik gabeko arraza izatetik, prestigiozko arraza izatera iritsi da, gazta egiteko manera berriak ikasi eta erakutsi ziren, eta orduz gero, artzainen bizitza asko aldatu da. Genetikan berrikuntzak egin ziren, teknikarien laguntza izan zuten noski frantziskotarrek, baina bultzatzaile beraiek izan ziren.

Gizarte berrikuntza ere deitzen zaio horri, ezta?

Gizarteak zituen beharrekin oso kontziente izan dira garai bakoitzean, eta arlo horietan eragin dute. Oso ondo uztartu dute tradizioa eta modernitatea. Arantzazulabek gizarte berrikuntza egiten duen moduan, frantziskotarrek beti egin dute hori, oso berritzaileak izan dira arlo askotan. Arlo sozial, kultural eta espiritualean. Beren espiritualtasunak zentzu osoa hartzen du herriarekin lan egiten dutenean.

 

«Gizarteak zituen beharrekin oso kontziente izan dira garai bakoitzean, eta horretan eragin dute»



Santutegia berritzeko lanak gatazkatsuak izan baziren ere, euskal artisten bilgune bihurtu zuten Arantzazu. Ausartak izan direla ezin ukatu.

Santutegia mundu guztian da ezaguna gaur egun, eliza modernista eta Oteizaren eskulturak ikustera etortzen da jendea, munduko edozein tokitik. Eliza moderno horren berritze lanek ordea, gatazka sortu zuten kanpoan eta frantziskotarren artean ere ziur sortu zutela. Ezaguna da oso Oteizaren eskulturen debekua; bide ertzean egon ziren abandonatuta, Bazterretxearen bozetoak ere eskandalua izan ziren frantziskotarrentzat. 10-15 urteko debeku hori ondo etorri zitzaiela uste dut, artistek ere eboluzio bat izan baitzuten beraien prozesuan. 1968an Oteizaren obra onartzen denean, Oteizak 14 Apostoluen gainean hutsunea uzten du. Norbaitek galdetu omen zion: «Hutsunea utzi behar al duzu hor?». Berak erantzun: «Ez hutsunearekin». Gizakiak duen hutsune espiritualaren adierazle izan daiteke. Debeku urte hauek gabe Arantzazu ezberdina izango litzateke.



Arantzazun bildu ziren Oteiza, Bazterretxea, Txillida, Luzio Muñoz, Eulate, Xabier Egaña… Euskal Herriko artista handienetakoak. Frantziskotarren beste apustua izan zen artista gazte eta ezezagunei tokia egitea Santutegiko lanetan.

Arteari ekarpena, Artzain Eskola, euskara batuaren bilgunea, Pello Zabala, Gandiagaren olerkiak, espiritualtasunaren lekua… zenbat gauza kabitzen diren Arantzazun.

Arantzazu espiritualtasuna, natura eta kultura dira. Arantzazun denetariko jendea elkartzen da; natura eskolako ikasleak, Urbiara joateko asmoz doazen mendizaleak mendiko janzkeran, igandeko mezetara dotore jantzita datozenak eta auskalo nondik datorren jendea eliza ikustera, turistak alegia.

'Arantzazu. 36 zm, 5 mende eta herri 1' izena eman diozue dokumentalari. 36 zentimetro horiek zer dira?

36 zentimetro horiek Arantzazuko Ama Birjinaren irudiaren neurria dira, historia honen hasiera markatzen dute. Arantzazu tokia da, izen hori bakarrik jarrita hutsa zen eta zenbakiekin jolas egin dugu. Fraideak 1501 urte inguruan iritsi ziren Arantzazura, bost mendetan izan dute bizileku eta herrigintzan egindako lana, herriari egindako ekarpena zehazten du «herri 1» horrek. Dokumentalean ez da noski 500 urteko historia kontatzen, 1950 ingurutik hasten dira kontatzen.

Arantzazuri buruz asko hitz egin da, baina bost mende behar izan dira, fraideen bizipenak eta iritziak lehen pertsonan bildu eta herriari ikus-entzunezko formatuan zabaltzeko.

Arantzazuri buruz asko idatzi da, baina formatu honetan egiten den lehen aldia da. Fraideen historia pertsonalek dute garrantzia dokumentalean, lehen pertsonan kontatu dira. Gehienak 1950-1955 inguruan etorri ziren, 10-12 urteko mutil koxkor zirela, familia handitako senideak ziren, baserritarrak asko eta Arantzazura bidaltzen zituzten ikasketak izateko bide bakarra zelako.

 

«Arantzazuko aldaketa fisikoaren testigu izan dira frantziskotarrak»

 

Gose garaiak ere aipatu dituzte, familiako oroitzapenak. Haurtzaroari buruz luze eta zabal aritu ziren, lasaitu egin ziren garai haietaz hitz egitean, eta amaierarako, lagunarteko solasaldiak izan ziren. Entzute ariketa bat izan da osotasunean dokumental hau egitea, oso gauza intimo eta pertsonalak kontatu dituzte. Iritsi zirenean santutegia berritzeko obra martxan zen, Oteiza lanean ari zela iritsi ziren. Arantzazuren debeku garaiak ezagutu dituzte, lurrean izkina batean zeuden eskulturekin jolas egin dute, Arantzazuko aldaketa fisikoaren testigu izan dira, seminarioan ikasi zuten, honen itxiera ezagutu dute, ia hutsak dauden komentua eta eliza beteta ezagutu dituzte. Azken belaunaldi honen bizipenak eta testigantzak jaso dira.

 

«Entzute ariketa bat izan da dokumental hau egitea, oso gauza intimo eta pertsonalak kontatu dituzte»



Frantziskotarren barrutik kanporako begirada eta kanpotik barrurako begirada ere landu dira. Nola laburbiltzen da hori 70 minutuan?

Sei frantziskotar, frantziskotar ohi bat eta Lorea Agirre, Izaskun Andonegi, Miguel Angel Alonso del Val, Jose Ramon Beloki, Miren Elgarresta, Xabier Euzkitze, Marije Goikoetxea, Alazne Guridi eta Jon Sarasuaren testigantzak ere uztartu dira Arantzazu zer ote den beraientzat galdetuz. Denek izan dute, modu batera edo bestera, lotura Arantzazurekin, eta hori jaso nahi izan da. Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria adibidez, Albaitaria da ikasketez eta lanbidez ere izan zen, eta Artzain Eskolako hastapenak gogoratu ditu. Xabier Euzkitze frantziskotarrek humanismotik herriari egindako ekarpenaz aritu da. 25 ordu genituen grabatuak eta lan nekezena niretzako hori izan da, zer sartuko den erabakitzea, eta zer ez den sartuko aukeratzea.



Narratiba oso intimoa du dokumentalak eta estetika oso zaindua. Zuzendari gisa lehen lana izan da, zein balorazio egiten duzu?

Arantzazu eguraldi txarrarekin ere polita da! Gidoia nire ardura izan da, eta Arteman ekoiztetxeko lankideak arduratu dira irudiak grabatzeaz, eta muntaian Mikel Serrato aritu da. Zuzendaritza kolektiboko lana izan dela esango nuke, gidoia nirea sentitzen dut, bukaerako historia nik proposatutakoa da, badu nire zigilua baina muntaketan lankideengan ezagupenean eta profesionaltasunean konfiantza osoa izan dut, eta irudien estetika asko zaindu dute. Emaitzarekin oso pozik nago.



«Etorkizunean zer?» galderarekin amaitzen da dokumentala. Hausnarrean ikuslea uzteko esperantzan?

Jende askok duen galdera da, eta erantzunik ez duena. Frantziskotarrek ere aspalditik egiten dute, eta denen erantzunak ezberdinak dira. Kargua dutenek karga ere badute eta kezka gehiagorekin bizi dute, beste batzuk lasaiago hartzen dute, konformidadea adierazi dute, «izan behar duena izango da» esanez. Bukaera ireki bat utzi dugu, eta dokumentala ikustean jendeak sentimenduak adierazten ditu, koktelera moduko bat bihurtu da. «Izango da» hitzekin amaitzen da, eta horrek itxaropenerako bidea uzten du. Paulo Agirrebaltzategi fraideak ordea, dokumentala ikusi eta gero tristezia puntua sentitu zuela aipatu zidan, eta bigarren partea eskatzen zuen, etorkizun horren inguruan hausnartzeko.

Dokumentala estreinatu da eta laster zinema aretoetan ikusteko aukera izango da. Lortu al duzu zuzendari izanagatik ikusle soila izatea?

Pantaila handian hiru aldiz ikusi dut. Zinebin ikustean pentsatu nuen: «Hauxe da ba emaitza». Zilborrestea moztearen modukoa izan zen. Dokumentalak bere bidea egin behar du. Niretzako lan hau egitea oparia izan da. Arantzazu hobeto ezagutzeko aukera izan dut, gehiago estimatzen dut orain. Fraideei ahotsa eman eta egin duten lanaren aitortza da, oparia niretzat, aitortza beraientzat. Nik ez diot ezer eman Arantzazuri, aldiz, berak niri asko.

Zein publikorentzako da?

Edonorentzako izatea gustatuko litzaidake, Arantzazu ezagutzen dutenentzako eta ez dutenentzako. Baina interesgarria litzateke ezagutzen ez duen jendeak ikustea eta horiengana iristea. Gazte hauek nola ulertuko dute Arantzazu? 70 minutuan kontatzen denarekin akaso batzuentzat testuingurua faltako zaio, baina grabaketan lanean aritu direnak 30 inguruko gazteak izan dira, eta Arantzazuz ezer gutxi zekiten, elkarrizketak egin ondoren kuriositatea sortu zitzaien, eta hori test moduko bat izan da niretzako.



Arantzazu ezagutzen ez duten horiek dokumentala ikustera hurbiltzeko, zein gomendio egiten diezu?

Ikuspegi zabal batekin ikusi beharreko dokumentala da. Begi argi batzuekin ikus dezatela fraide hauen bizimodua, hautua, espiritualtasuna bizitzeko manera, herriari egindako ekarpena. Galderak sortuko zaizkie ziurrenik, zalantzak, ez noski fededun bihurtzeko, baina estereotipoak puskatzeko balioko die. Fraideei buruz ditugun aurreiritziak puskatzen dira, ez dira prentsan agertzen diren fraideak. Beraien artean ere, ikuspegi ezberdinak dituzte erlijioa eta espiritualtasuna ulertzeko, gizarteko gaien inguruan ere iritzi ezberdinak dituzte. Fraideak elizarekin lotura duten gaiekin lotzen dira zuzenean, baina frantziskotarren ekarpena kalean bizi dugu.

 

ARANTZAZU. 36 ZM, 5 MENDE, HERRI 1

500 urtetik gora daramatzate frantziskotarrek Arantzazun. Beren espiritualtasunean oinarrituta harreman estua izan dute beti herritarrekin. Herrigintzan ere paper garrantzitsua jokatu dute eta gaur egun oso gureak eta barneratuak ditugun altxorrak utzi dizkigute. Horiek ezagutzera ematea beharrezkoa da, gure historiaren eta izanaren parte baitira. Arantzazu ez litzateke gaur dena izango herririk gabe, eta herria ere bestelakoa litzateke Arantzazu gabe.



Zuzendaritza. Pello Sarasua.

Gidoia. Pello Sarasua.

Argazkia. Josu Txintxurreta.

Muntaketa lanak. Mikel Serrato.

Soinua. Iñigo Azkue.

Ekoizpena. Gorka Etxabe. Arteman.

Banaketa. Arteman.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!