erreportajea

Herrien arteko elkartasuna

Erabiltzailearen aurpegia Agurtzane Belaunzaran 2022ko abe. 29a, 15:00

Euskal herritarren bisita izan dute sahararren errefuxiatu kanpamentuetan, gerra hotsak gailendu eta nazioarteko laguntza gutxitu diren garaietan.

Azken bi urteotako geldialdi behartuaren ostean, Forondako aireportua eta Tinduf lotu dituen hegazkinak, euskaldun jendea, lankidetza proiektuak eta motxila bete janari, material eta sendagaiak, jarri ditu errefuxiatuen kanpamentuetara bidean. Euskal Herriaren eta Sahararen arteko hartu emanak berriro indartu eta sendotu dira abenduaren hasieran egin den bidaiaren ondorioz. Saharan lankidetza proiektuetan lanean dihardutenak ilusio eta gogo biziz itzuli dira kanpamentuetara, bi urte «luzeegi» joan zaizkiela argudiatuz. Poza eta ilusioa bi aldetakoa izan da, sahararrek ere ilusioz eta ohikoa duten eskuzabaltasun eta goxotasunarekin jaso baitituzte bisitariak. Landa laneko proiektu eta formakuntza ikastaroak martxan jarri eta hango egoera gertutik ikuskatzeko abagunea izan da Euskal Herritik zein Espainiako, Andaluzia eta Kanaria Uharteetatik gerturatu direnentzat.

Tartean izan dira Euskal Herriko sei emakume erreferente politiko eta sozial, Euskal Fondoak gonbidaturik (Euskal Fondoan eskualdeko 13 udalen ekarpen ekonomikoa kudeatzen da lankidetzako proiektuetarako). Errefuxiatu kanpamentuetan arlo politikoan eta sozialean lanean ari diren emakumeekin elkartu eta ahalduntzeari buruzko tailerretan parte hartu dute: Miren Elgarresta Emakundeko Zuzendaria, Garbiñe Aranburu LAB-eko zuzendaria, Leixuri Agirrezabalaga Legebiltzarkidea, Onintza Enbeita bertsolaria eta kazetaria, Monica Hernando, Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubideetako Zuzendaria eta Pilar Kaltzada kazetaria.


EMAKUMEEN AHALDUNTZEA
Esperientziak elkar trukatzeko topagunea izan da eta emakume izateagatik, politikan jarduteko dituzten oztopo eta gakoak identifikatu dituzte elkarrekin. Errealitate oso ezberdinetatik badatoz ere, komunean uste baino gauza gehiago dituztela ohartu dira. Euskal ordezkariek gertutik ezagutu dute bertako egunerokotasuna eta hainbat bisita ofizial egin dituzte tartean, Brahim Gali, Saharako Errepublika Arabiarreko Presidentearekin bildu ziren.

Emakumeen parte hartze politikoa garrantzitsua da kanpamentuetan. Beraiek eraiki zituzten basamortuaren erdian adobezko adreiluz, eskolak, ospitaleak, elkarteak eta etxeak gizonak gerran zeuden bitartean. Zimendu hauei antolakuntza eta bizia emateaz ere emakumeak arduratu dira eta egun Saharako emakumeen esku hartzea politikan gorantz doa. Miren Elgarrestak azaldu moduan «emakumeak politikan presente egonagatik, ahalduntzea amaitzen ez den bidea da, jarraipena behar du beti». Esperientzia «oso aberatsa» izan dela aipatu dute seiek eta etorkizunean lankidetzako proiektuetan genero ikuspuntua landuz elkarlanean jarraitzeko borondatea azaldu dute.


GERRA EGOERA ETA NAZIOARTEKO LAGUNTZAK GUTXITU
Ez dira betiko garai onenak sahararrentzat. Garai onak ezagutu dituztela esatea ausarkeria litzatekeen arren. 46 urteko gatazka, bi herrialderen arteko konpromisorik eza eta esperantza galtzen ez duen herri baten pazientzia, erresistentzia edo justizia nahia sahararren azken hamarkadetako historia oso labur kontatzeko modua litzateke. Egoera amaiezin hau gutxi ez eta 2020ko azaroan Marokok su etena hautsi eta gerra egoeran daude orduz gero. Gizon asko joan dira gerra frontera, Marokok eraikitako 2.720 kilometroko harresiaren beste aldean dagoen Mendebaldeko Sahara librean bizitzeko eskubidearen alde borrokatzera. Errefuxiatu kanpamentuetako ordezkariak kezkatuta daude, «nazioartean oihartzun txikia» izan duelako Marokok hautsitako su etenak eta komunikabideetan tokirik ez duen gatazkak, gizartean ez duela eraginik azaldu dute.

Mundua larrialdi egoeran hankaz gora jarri zutenetik, egoera zaurgarriagoan daudela badakite sahararrek eta jakitun dira nazioarteko panoraman gehitu diren sestra geopolitikoek, europartasuna erdigunean jarri dutela. Gainerako gatazkak bigarren, hirugarren edo ahanzturaren planora pasatu arte. Nozitu dituzte modu batera edo bestera eraginak eta ez makalak gainera, azken bi urte hauetako nazioarteko laguntza %20 gutxitu baitzaie. Kopuru hori asko da, laguntza honen dependentzia osoa duten ia 170 mila errefuxiatuentzat.

Desertuaren erdian jarri dira martxan negutegi proiektu txikiak, miraria da barazkiak bertan haztea, miraria desertuaren erdian elikagai burujabetza izatea. Nazioartetik jasotzen duten elikagaien laguntza dute itxaropena, barazkiak eta fruta jatea luxuzko artikulua diren garaietan.

Gogorra da bizimodua Aljeriako basamortuan. Gaua joan eta eguna etorri, hilabeteak gero, baita 46 urte luze ere eta mendebalderantz begira jartzean beraien lurra amets. Itxarote horretan, patxada eta egoteko gaitasuna bizitzaren giltzarri bihurtu dira, abiadura handi xamarrean bizi diren bisitarientzako lehen ikasgaia. Ezer ez duenak dena ematen duela da agian ikasgairik gogorrena, umiltasun pilula. Aldi baterako eraikitako etxe xumeetan sahararrek etxera itzultzeko eguna itxaroten duten bitartean, te gozo-gozoa eskaintzen diete bisitariei eta munduan han gertatzen ari dena kontatzeko eskatzen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!