Goiazko Aldekoetxe baserri ederreko sutondoa dute sormenerako tokia. Sukaldean orratzak, jostorratzak, kakorratzak, hariak, artilea eta telak daude lan mahaiaren inguruan. Arantxa Muruak 86 urte beteko ditu laster, eta bere eskuek lan asko egindakoak direla atzematen da. Lanari beldurrik ez, eta oraindik fin jarraitzen dute behatzek orratza eta hariaren artean dantza pausatuan, haurrentzako jertseak, galtzak, kamisetak edota kuleroak sortzen. Modaz sekula pasako ez diren ume txikientzako arropak egiten ditu, klasikoak asko, jaio berriak panpox-panpox janzteko. Izaskun Iraola alabak tarteka, aldizkariak erosten dizkio eta handik ere «gaur egungo estiloko arropak» egiteko eskatzen dio amari. Eskatutakoa sortzeko abilezia du Muruak, baita pazientzia ere, orduak eta orduak pasatzen baititu pieza bati bukaera eman arte.
Lanean aritzeak eta sortzeak «burua aktibo» mantentzen diola aitortu du etxeko emakume beteranoak. Ohera joan eta jertseari lepondoan bolumena nola eman asmatu nahian pasatzen du denbora.
Aldekoetxe baserriko bazter guztietan bada kakorratz lanetan egindako mahai zapi, eskuoihal, erloju edo tapizik. Sarrerako kutxa gainean dagoen tapizari begira dagoela Muruak onartu du bera ere askotan «harritua» geratzen dela egindako lanarekin.
Zer ikusi hura ikasi
Izaskun Iraolak, ama beti josten eta jertseak egiten gogoratzen du. Izeba eta biak sortu eta sortu. Gogoan ditu oraindik haurra zela izebarekin batera egin zuen panpinentzako estalkia, amak egiten zituen arropak etxeko txikienentzako. Jostea eta sortzea aisian egiten ditu Iraolak gaur egun; denbora librea duen une oro, josten eta beti ikasten. Goiatzen bertan joskintza ikastaroan badaramatza sei urte eta Tolosan patchwork ikastaroan bederatzi. Teknika honekin tela zati ezberdinak josten dira eta nahi diren osagarriak egin. Ikastaroetan egindako materiala pilatzen hasi zitzaion etxean eta irtenbidea bilatu nahian, egindako piezak saltzen hasi zen inguruan.
Eskualdeko azokak
Goiazkoa izan zen parte hartu zuen lehen azoka, iraileko azken igandean antolatzen da eta jendea franko izaten da, Hernioko erromeriaren azken eguna aitzakia hartuta. Berak egindako osagarriak eta amak mimoz puntuan egindako piezak izaten ditu salgai. Kilometro 0-ko arropak eta osagarriak. Hala ere, argi dute biek, eskuz egindako jertse edo peto baten prezioa eta saltoki handien prezioak ezin direla alderatu. Egindako lanaren eta materialen kalitatea, «urte luzeetarako arropa eta osagarriak izatearen ziurtasuna» dela azaldu dute. «Lehen haurrentzako arropa asko etxean egiten zen eta gizaldi ezberdinek erabili dute, pieza horiek ez dute ez forma eta ez kalitaterik galtzen, betirako dira», azaldu du Muruak.
Leaburuko eta Altzoko azoketan ere ilusioz parte hartzen du eta aurten Gabonen atarian, Berrobin egingo den azokara gonbidatu dute. «Urte sasoi ona» izaten da hau, azoka batzuk eta Gabonetako izaten dituzten eskariekin nahikoa lan sortzen baitzaie.
Azokak erakusleiho onak direla aitortu du Iraolak, «jendea asko ezagutzen baita eta gerora ere eskariak egiten ditu jendeak eramandako pieza gustatu ostean». Tartean ere, badu ezagunik uda sasoian kostaldeko txosna batean lan egiten duenik eta eskariak izaten ditu.
Osagarri erabilgarriak
Altzoko azokara eramango duen kaxan bada zer aukeratua. Pieza guztiak gainera, egunerokoan erabilgarriak diren osagarriak dira: diru zorroak, mugikorrarentzako zorroak, nezeserrak, mototsa egiteko gomak, buru zapiak, ilekoak, haurrei fardela aldatzeko telak, haurrentzako panpinak animalia forman eta motxilak, besteak beste. Sare sozialak ez ditu erabiltzen Iraolak bere lanak erakusteko, saltzeko erakusleiho aparta dela izan daitekeela badakien arren. Azokak eta ahoz ahokoa dira bere bezeroekin duen saretze soziala. Lanak detailez egiten ditu eta salneurriko txartelean ere Goiatz Eskulanak izenarekin, bizileku duten Aldekoetxe baserria ageri da marraztua.
Emakume hauek sukaldeko sutondoan, isilpean, txirri-txarra sortzen dutenak badu bizitza filosofiatik asko.