Ideia zoro eder bati forma eman nahian sortu zen erlezain transhumante astoekin une batez izateko gogoa. Halaxe, bazuen Inaxio Arinek astoen zerbitzua eskaintzen zuen kide baten berri eta Mattin Jauregi bere adiskideari «joango al gaituk?» galdetu eta «zergatik ez?» erantzun ostean, Astotrek-eko Aritz Aierberekin jarri ziren harremanetan.
Aralarrera astoz joatea proposatu zioten erlauntzak bi astoren bizkarrean jarrita. «Ideia bikaina» iruditu zitzaion Aierberi eta Berastegin egin zituzten lehen frogak mendira atera baino lehen. «Astoek ez zituzten sekula erlauntzak eraman eta ikusi egin nahi nuen eroso ote zeuden», azaldu du Astotrek-eko arduradunak. Astoak eroso ez, zakutoentzako erabiltzen zituzten oinarrietan erlauntzak jarrita eta Luis Eraso berastegiarrari eskatu zizkion erlauntzak garraiatzeko «erosoak» izango ziren egurrezko oinarriak. Egun batetik bestera egin zituen egur lanetan trebea den berastegiarrak eta astoak Aintzergako (Berastegi) zelaietan entrenatu ziren Aralarrera abiatu baino lehen.
Aralarko txilarraren bila
«Txilar eztia preziatua da, eztirik maiteena, iluna eta osasuntsua» diote erlezainek. Arbizun atera zuten pasa den urtean lorebakarreko txilar eztia eta udara honetan «inguruko mendietatik ateratzeko nahia» izan dute. Aralarko txoko batean txilar tokia badela entzun eta «etxeko natura parkearengatik» egin dute apustua.
Antzioko bordatik abiatu ziren eguzkiak ordu luzez eguna berotzen zuen egunetan, ekainaren erdialdean. Aldez aurretik Arinek eta Jauregik txilarraren loraldia nola zegoen ikusi zuten, irteera data jarri eta halaxe, giro ederrean, lagunen babesarekin eraman zituzten lau erlauntza asto gainean.
Jai eta Meski astoek gozo-gozo egin zuten erlauntzak bizkarrean, Aritzagako minetatik gorago, Ama birjinaren harria pasa arteko bidea. Txilar loreen festaren bueltan utzi zituzten erlauntzak erlezainek. Festa giroan egin zuten, lagun artean, aitzakia ederrean paraje ezin hobean. Presak lekurik ez duen lekuan eta moduan gainera, astoen erritmoan.
Udaran maiz joan dira erleen lana ikustera baina lehorrak ez die lagundu. Hasierako plana abuztu erdialdera eztia biltzea zen, bitartean erleek gozagarri izango zuten txilar lorearen nektar gozoa, baldin eta euri apur bat egin izan balu, baldin eta hezetasun handiagoa egon balitz. Udara inoiz baino lehorragoa izan da eta horrek ere eragin diela erleen lanari eta produkzioari azaldu dute bi erlezainek. «Gauza bat guk buruan genuen ideia izan da, erlezaintzari transhumantziaren balioa emanez eta gure mendietako txilarra aukeratuz, baina bestea emaitza izan da, txilar eztirik ez baitugu lortu», aitortu dute bi gazteek.
Negua deskantsuan
Ezti produkzio ona izan ez bada ere, erlezainak pozik daude egindakoarekin eta pausoz pauso beren ibilbidean eztigintzari buruz ikasten ari direnarekin.
Eraman eta ekarri egin behar erlauntzak eta Jai eta Meski astoak izan dira berriro beste protagonistak ibilbide horretan. Joaneko bidea gustura egin bazuten erlauntzak ekartzekoa ere halaxe: «astoek ibiltzea oso gustuko dute eta horrelako paraje ederretan zer esanik ez», dio Aierbek astoei hanka azpiak garbitzen dizkien bitartean.
Erlauntzen bila joateko hitzordua Nafarroako aldetik egin dute, Guarda etxean bildu dira lagun artean eta udazkeneko hego haizearekin egin dute erlauntzetarako bidea, tipi-tapa astoen erritmoan.
Balerdipeko Erleak-eko kideek beraien produktuekin egindako praliné eta gaileta gozoak atera dituzte eta Aierbek etxean egindako txorizoa hamaiketakorako. Indarrak hartu, erlauntzak asto gainean jarri eta broma artean lagunen batek, erlauntzak ondoan izan duten Ama birjinak «bedeinkazio gutxi» eman diela esan die. Bedeinkazioak goitik etorri behar zuen baina «euri forman akaso» erantzun du besteren batek. Erleen burrunba artean desegin dute astoek bidea, udazkeneko koloreak hartzen ari diren larre eta basoen artean.
Eztiaren denboraldia amaitutzat eman dute; «erleek negua pasatzeko adina ezti badute erlauntzean eta orain deskantsatzea tokatzen zaie», diote Arin eta Jauregik itzulerako bidean, beraiek ere negu denboraldian dituzten proiektuetan ilusioa jarrita.
Astoak bidelagun
Animalia fidela eta gozoa da astoa. Halaxe hazi eta hezten ditu Aierbek mimoz egunero-egunero Berastegiko larreetan. Astotrek martxan jarri zuela badira ia bi urte eta orain arte, «egun erdiko, egun beteko edo bidaia luzeagotarako» zerbitzua eskaini du. «Lehen aldia izan da transhumantzia egiteko proiektu hau eta niretzako eta astoentzako erronka bat izan da» azaldu du Aierbek. Donejakue bidea egin dute astoek, baita Berastegi eta Linzako aterpetxerako bidea ere, baina beti «aisialdian dabilen jendeari zerbitzua emanez, sekula ez honelako proiektu batean».
Eztia lortzea zen helburua, baina bidean, asko ikasi dutela azaldu dute; «esperientzia eta ikasketa aberatsa izan da Aralarkoa» diote hirurek eta «naturarekin harremanean» egoteak ematen duen «asebetetze» sentsazioa aipatu dute sarritan.
Neguarekin batera natura lozorro geratuko da, erleek Bedaioko Balerdipeko lurretan pasako dituzte urteko egunik motzenak, badute nahikoa ezti horretarako. Astotrek-eko astoek udazkenean egingo dituzte bisitari eta mendizaleekin azken txangoak Plazaola eta Leitzalarrea inguruan.
Datorren denboraldiari begira, erlezainek horrelako beste proiektu bat egitea ez dute baztertzen eta Aierbe ere egiteko prest agertu da «azpiegiturak baditugu, erlauntzak eramateko oinarria, astoak eta erleak».