Bederatzi elkarrizketa saio, haurdunaldi baten pare Petare, Miren Egigurenen puskak liburuari bizitza emateko, erditzeko. Liburuak bizitza hartu baino egokiago akaso, liburua bizitza oso baten testigu.
Idazleak autoa hartu eta Miren Odriozolarekin egin du Miren Egigurenganaino bidea bederatzi bider. Bata ezin besteak gabe, besteak ezin bera gabe. Urrakiko errepide bihurrian barrena, irratiko musika lagun, bere kezka, burutazio eta hausnarketekin Tolosaraino, Miren Egigurenekin izan dituen hitzorduetara. Bisitaria Egiguren ikusteko eta entzuteko gogoz eta zain dagoen protagonista kontatzeko gogoz. Ekuazio ezin hobea.
Zapata kaxa bat oroimenen gordailu, bizitza bateko ondasun guztia. Barruan koaderno gorria, Miren Egigurenek eskuz idatzia, argazkiak, horitutako egunkari zatiak eta euskarri digitaletan gordetako dokumentuak. Idatzi horiei, protagonistaren urrezko memoria eta bere kontatzeko manera indartsua gehitu behar zaie. Idazleak, grabagailuan jaso ditu den-denak, liburua puskaz-puska osatzeko.
Emakume erreferenteak
Euskal liburuen sarean, emakume erreferenteen bildumarako beste puska bat. Liburu denda, liburutegi eta gure etxeetako apalategietan, gertuko erreferente femenino eta indartsu baten bizitza letraz-letra, pasartez- pasarte irakurtzeko aukera. Urruneko erreferente femeninoei, gertuagokoak gehitzeko aukera, Txalaparta eta Emagin elkarteak elkarlanean argitaratutako liburuari esker. Idazle berak idatzitako Laura deitzen zioten, Miren Odriozolaren borrokak liburua ere ildo berekoa da.
Erreferenteak gertu ditugu, gehienetan oharkabean pasatzen dira ordea, eta emakume erreferenteen beharra du gizarteak. Bizitza istorio txikiak dira askotan, haritik tiraka hastean, atzean duten historia, bizipenak eta esperientziak kontatu beharrekoak direla norbait ohartzen den arte. Hala, Egigurenen errainak askotan eskatu zion idazteko egin zuena, bilobek amonaren bizitzaren berri idatzita izan zezaten. Egigurenek akaso, koaderno gorri hori uzteko ideia izango zuen, Miren Odriozola adiskideak bere bizipenak liburu batean serio biltzeko proposamena egin zion arte. «Gizonezkoen historiak bakarrik kontatzen ditun eta emakumeenak falta ditun! Heuk ere konta ezan heurea!». Hitz horiek nahikoak izan ziren Egigurentzat kaleratu berri den liburuko ahotsa izateko.
Zaintza erdigunean
Miren Egiguren gaur-gaurkoz Tolosako kaleetan dabil, kultur etxeko pintura ikastaroetan pintzela dantzatuz, auskalo zenbatgarren Gernika margotu nahian, Triangulo plazako aulkiren batean adiskideekin tertulian, senideekin Bidaniko baserrian eta lanean oraindik.
Zaintza erdigunean izan du Egigurenek Venezuelan pasatako 46 urteetan, hori daki egiten, ongi gainera, eta itzuleran ere horretantxe ari da, zaintzan. Hori izan du bizitzaren motorra, egoera zaurgarrian daudenekin borrokatzea, duintasuna eta eskubideak dituztela ohartaraztea.
Boterea gertu sentitu duenean (eliza eta politikarena zehazki), urrundu egin da eta bere hautua herritarrak bezala bizitzea izan da. Sei urte Guajiran (Venezuelan) eta 40 urtez Caracasko auzorik pobreenean eman ditu, Petaren.
Pobreenak bezala bizitzeko hautua egitea, ez dela pobre izatea ere badaki. Liburuan hainbatetan aipatu baitu, pobre izatea aukerarik ez izatea dela. Emakume kontsekuente, ekintzaile, indartsu, kementsu, puskatzaile, langile, borrokalari eta hiztegiak eman ditzakeen adjektibo positibo guztiak gaineratu ahal diren arren, umiltasuna da agian ongien definitzen duena.
Parte hartze komunitarioa eta auzokideen arteko elkartasuna bultzatu ditu egindako ekintza bakoitzean. Auzoarentzat bizitzea aukeratuz. Barruan indarra sortzen dion iturri moduko bat omen du, horrekin argudiatu daiteke komunitatearekin batera adostu eta martxan jarri dituen proiektuen zerrenda: haurtzaindegia eta ikastetxeak, familientzako tailerrak, elikagaien kooperatiba, okindegia, ur sistema… Bere etxea, behar gehiena zutenentzako babesleku ere izan zen Petaren.
Altzoan, erditu gabeko, bi seme eta alaba erdi bat ere hazi, hezi, zaindu eta maitatu ditu. Amatasunak izan ditzakeen hainbat ereduei, forma bat emanez. Nonbait, txikia zenean anai arrebak zaintzen pozik ikusi omen zuen aitak eta hala esan omen zion, «Jainkoak emango al dizkin neska, ume asko!», eta egindako bidean umez inguratua egotea tokatu zaio.
Zailtasunak motibazio
Petaren, bizia eta heriotza egunerokoa dira. Egunez, erditzen ari den emakume baten garrasiak entzun ditzakezu eta gauez tiro hotsak. Bizitzaren bi aldeak. Eguneroko honetan, gizarteak eta politikariek, ikusezin bihurtu dituzten herritarrak eta hortxe Egiguren. Eskolan irakasle, hezitzaile, zaintzaile, erreferente, neska mutilei etorkizun hobeago baterako bideak aukeratzeko bidezidorrak irekitzen. Ikasteko zailtasunak dituzten haurrak alfabetatzen, hizkiak marrazkiz osatutako alfabetoa asmatuta, galdetu diezaiotela bestela Juliori. Ezinezkoak diruditen misioen zalea dela aitortua du eta horrek sortzen dio aurrera egiteko grina.
Chavismoan sinesten du. Bere Venezuelako auzotarrei, bizitza duinago bat izateko aukera ekarri dielako. Chavismoak eta munduak , Miren Egiguren bezalako jende asko behar du, puska txikiekin, apurka-apurka, mundu justuago baten alde egiten dutelako isil-isilean.
FITXA
Liburua. Petare, Miren Egigurenen puskak.
Idazlea. Leire Ibarguren Agirre.
Argitaletxea. Txalaparta.
Orriak. 208.
Gaia. Miren Egiguren bidaniarraren bizitza ezohikoa: 46 urte Venezuelan komunitatearekin eta komunitatearentzat lanean. Leire Ibarguren kontatu beharreko bizitzak argitara ateratzen ari da, eta hau du bigarrena, Laura esaten zioten arrakastatsuan Miren Odriozolarena kontatu ostean.