'Petare, Miren Egigurenen puskak' liburua aurkeztu dute

Atzo aurkeztu zuten liburua Tolosako kultur etxean.

Ezohiko aurkezpena izan da, omenalditik gehiago izan du Tolosako kultur etxean egindako ekitaldiak. Miren Egiguren bidaniarraren bizitzaren puskak kontatzen dituen liburua jendaurrean aurkeztu dute Txalaparta argitaletxeak eta Emagin elkarteak, bertan izan dira Leire Ibarguren idazlea eta liburuko protagonista, Miren Egiguren. 'Tolosaldeko Ataria'-k 2020an elkarrizketatu zuen Egiguren.

Aretoa jendez lepo, senideak, lagunak, herritarrak, ezagunak eta gaian interesa dutenak. 46 urte Euskal Herritik urrun Venezuelan egin baditu ere, sorterrian sare handi bat duela argi utzi du Egigurenek.
 
Leire Ibarguren idazle azpeitiarrak jarri dizkio letrak Egigurenek elkarrizketa ezberdinetan kontatutakoari, Bidaniako baserriko bizitza, gaztetako pasarteak Donostian, Venezuelan gero. Komunitateen antolakuntzan eta Caracaseko auzorik pobreenean, Petaren, irakasle izandako urteetan aurrera emandako proiektuak eta bidean ezagututako jendearen historiak bildu dira liburuan.

Ekitaldiaren amaieran, Egigurenek hartu du hitza eta euskara jator jatorrean, boladaz hika eginaz eta tarteka Venezuelako doinuan, 46 urtez han egon ostean Euskal Herrira itzultzeak suposatu diona azaldu du. Ez da samurra izan bere itzulera, baina barruan sortzen zaion indar horri esker, umorez kontatu du bere egunerokoa. 

Liburuari  bedeinkapena bere estiloan eman dio biloben laguntzarekin, Venezuelako bandera eta ikurriña elkar jositako oihala jarri ditu liburuaren bueltan eta bere bizitzaren puska handia han utzi duela adierazi du. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!