elkarrizketa

«Osabaren esperientzia erbesteratuen historia ere bada»

Memoria historikoa landu eta 36ko gerrak errepublikazaleen bandoan, Katalunia eta Frantzia arteko mugetan, utzitako arrastoak gertutik ezagutu ditu Nahia Dorronsoro Olamusu berrobitarrak; Ruta al Exilioko bigarren edizioan hartu du parte.

Ruta al Exilio gazteei begirako formakuntza bidaia da. Uztailean egin zuten eta 40 bat gaztek hartu zuten parte, tartean Berrobiko Nahia Dorronsoro Olamusuk. Espainiako erbestealdi errepublikazaleen Pirinioez gaindiko ibilbideak egin dituzte, Alt Emporda-tik Frantziako hego-ekialderaino. Berrobitarra etxerako lanekin itzuli da, aurkeztutako proiektua mamitu behar baitu.

Erbestearen bideari jarraika ibili zara udara honetan Ruta al Exilio-ren bidez. Nolako esperientzia izan da?

Oso esperientzia aberatsa izan da, asko ikasi baitut. Historiarekin zuzenean loturiko egonaldia izan da. 16-17 urte bitarteko 40 neska- mutil, Kataluniako Alt Emporda eta Frantziako hego ekialdeko mugetan ibili gara Espainiako gerran ihesi joandako gizon-emakumeek egindako bideak ezagutzen. Erbesteari aurpegia jarri diot, ideia politikoengatik herrialdea utzi behar izan zutenen bizitza gertutik ezagutzeko aukera izan da.

Zein izan da zuen egunerokoa burutu duzuen hamabostaldian?

Oinez asko ibili gara, eta beroa tarteko, oso goiz esnatzen ginen, autobusean ere iritsi gara tokietara. Egun bakoitza ezberdina izan da, jarduerez betea, azken batean hezkuntza-programa izan da eta zer ikasia izan dugu. Historialari bat izan dugu bidaian zehar eta tokian tokiko informazioa eman digu; erbesteratuek egindako bideak egin ditugu, monumentuak ikusi eta hauen azalpen historikoa eman digute, museoak bisitatu ditugu, erbesteratuek ostatu hartu zituzten etxeak ezagutu ditugu, Manuel Azaña, Espainiako Bigarren Errepublikako Presidentea egon zen etxea tarteko.

Jose Antonio Agirre lehendakaria ere muga hauetan ibili zen. Aurretik ba al zenuen honen berri?

Testuliburuetan ikasi nituen Agirre lehendakariaren ibilbidearen nondik norakoak. Bere ihesaldia gogoratzen duen plaka eta monumentua daude La Vajol herrian. Paperean ikastea gauza bat da, hoztasunez ikasten ditugu datak, gertatutakoak, datuak, baina tokian-tokian gertatua zuzenean ikusteak historia humanizatzen du. Ahaztu behar ez diren pasarteak dira, bizipenak, herri baten historia da, pertsonena, familiena. Batzuk gertatukoa ahaztea dela onena diote, baina hori ez da horrela, gogoratu egin behar da, zer eta zergatik gertatu zen jakin. Oraindik orain, mundua gatazkaz betea dago eta ez dugu ezer ikasi.

Memoria historikoa errekuperatu eta etorkizuneko gatazkei konponbidea bilatzea da esperientzia honen helburua. Lortu al du?

Halaxe da, memoria historikoa han bildu ginen gazteengan txertatzea lortu dute. Guztiok ginen historia zaleak eta une historiko horretan jakin-mina genuen. Asko ikasi dugu zalantzarik gabe eta gaur egun gure herrietan eta hirietan, arrazoi desberdinak medio, erbesteratuak ere badirela ohartu gara eta enpatia lantzeko modu bat izan da.

Zer geratu zaizu memorian iltzatua?

Kostaldean oroimenezko eskultura eta estatua asko daude. Port Bouen zehazki, Frantzia eta Kataluniako muga ondoan, bada Walter Benjamin Berlingo idazle juduaren oroimenez egindako eskultura Passage izenekoa, itsasora bidean doan lur azpiko pasabide bat da. Erbesteratu askorentzako itsasoz bestalde zegoen askatasuna, aldi berean itsasoa bera muga igarogaitza ere izan zitekeen arren. Walter Benjaminek bere buruaz beste egin zuen nazien eta frankisten jazarpenari amaiera emanez. Eskulturen atzean dauden tragediak eta bizipenak azaltzen zituen historia irakasleak, eta protagonisten mina eta sufrimendua sentitu ditudala esan dezaket. Une askotan hunkitu egin nintzen; negar egin nuen esaterako, Antonio Machadoren hilerria bisitatzean Frantzian.

Frantziako hego-ekialdea ere, une historiko hartan gertatuen lekuko izan zen.

Itsasoa askatasuna izan zitekeen moduan ihesean zihoazenentzat, Frantzia ere askatasunaren lurraldea zen. Batzuetan, kontzentrazio esparruetan amaitu zuten arren eta behartutako lanak egin, beste askok askatasunaren herrialdea zelakoan heriotza aurkitu zuten. Argeleseko kontzentrazio esparrua izan zenetik gertu, Errepublikako deserriratuen seme-alaben talde bat bada eta hauekin ere egon ginen, hauen testigantzak jaso genituen aurrez aurre. Gerrak urteetako mina eragiten du senitarteetan.

Frantziako kontzentrazio esparruak eta zure familiaren historia lotuak daude nolabait, ez al da hala?

Aitona zenaren anaia, gure amaren osaba alegia, Jose Julian Olamusu hondarribiarra, nire adina zuela jaioterritik ihesi Hendaiara joan zen, han jendarmeek tren batean sartu eta Bartzelonara bidali zuten. Bertan Errepublikazaleen bandoan borroka egin zuen eta ondorioz Frantziara alde egin zuen. Gurseko (Frantzia) kontzentrazio esparru batean egon zen. Espainiara itzuli eta espetxean sartu zuten, ondoren Kantabrian erregimen frankistaren agindupean errepideak egiten aritu zelarik. Ezagutu nuen aitonaren anaia eta bere ibilbideaz asko hitz egin izan da familian, berak asko kontatzen ez bazuen ere.

Esperientzia honetan parte hartzeko zer egin behar da?

Motibazio karta bat idatzi behar da eta erbestearekin lotura duen gai baten proiektua idatzi. Nire kasuan argi nuen; osabaren historia idatzi nuen, proiektu hau idazteak, berarengana hurbildu nau. Osabaren esperientzia erbesteratuen historia ere bada eta gertuago sentitzen ditut orain. Ondoren aukeraketa prozesua egiten dute eta aurten 40 neska-mutilek parte hartu dugu esperientzia honetan. Taldekide askoren familietan dago Espainiako gerrarekin loturiko tragediaren bat eta hori lotura garrantzitsua izan da.

Abentura horretan parte hartu eta gero, zer duzu orain esku artean?

Hasieran idatzitako proiektu hori garatu behar dugu, ikasitako, ikusitako eta barneratutako bizipenekin. Osabaren egunerokoa idatziko dut nik, horretan nabil orain, berak ikusi zituen paisaiak eta egoerak irudikatu ditzaket orain. Parte hartzaile guztien lanak bildu eta erakusketa egingo dute ondoren Madrilen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!