Erreportajea

Herri txikietatik dator notizia

Eskualdeko bost herritan argitaratzen dute urtekaria eta herritarrek ilusioz jasotzen dute urtero etxean herriko historiaren gordailua; azken bi hamarkadetan izan dute herri aldizkariek, loraldia.

Talde lana, herrigintza eta euskara dute oinarrian. Urtekaria sortzeko motiboa guztien kasuan bera da;  herrian gertatzen dena bildu, kontatu eta herriko dokumentu historiko gisa argitaratu, herritarrei beraiek protagonista diren pasarteak, euskaraz irakurtzeko aukera emanaz. Urtekariaren atzean galdera bera egon ohi da, herrian gertatzen direnak zergatik jaso ez? Edota haiek egiten dute eta guk zergatik ez? Bakoitzak historia propioa du eta kasu batzuetan bataren historia besteari loturik dago. 

Lizartza

Lizartzako urtekaria da beteranoena eta herrian errekuperatu ziren inauteriei zor dio izana eta izena. Duela 27 urte argitaratu zuten lehen alea, Lizartzako Inauteriak izenarekin. Otsolar Dantza Taldea dago sorkuntzaren atzean, herriko helduenei inauteriei buruz zituzten bizipenak eta jakintzak kontatzeko eskatu eta guztia idatzita islatuta uzteko asmoz aldizkaritxo bat sortu zuten. 27 inauteri gehiago bizi izan dituzke harrezkero, zenbat dantza eta zenbat mozorro tartean, zenbat umore on. Inauterien bueltan argitaratzen dute eta aurreko urteko inauteri kontuak izaten dira nagusi bertan, herriko beste gai batzuk ere lantzen diren arren. Zuri-beltzean izan ziren lehen aleak, formatu txikian, orri gutxirekin, baina urteak aurrera joan ahala Lizartzako Inauteriak urtekariak kolorea hartu du eta izan dute zer kontatua orri kopurua ere handitu baitute. 

Altzo


Altzotarrek 23 urtez jaso dute urtekaria etxean. Kultura batzordeko kideei otu zitzaien aldizkari bat egiteko ideia, ez zuten Lizartzakoaren berri. Baina taldean, Ordiziako Jakintza ikastolako irakasle bat tartean zen eta han egiten zuten urtekariaren tankerakoa egin zitekeela pentsatu eta 1998. urtetik uztailean ikusten du argia Altzoko urtekariak. Aurreko urteko erreferentziak jasotzen ditu nagusiki eta hitz-joko modukoak egiten dituzte, azalean esanguratsua den argazkia eta esaldia jarriz eta bere jarraipena kontrazalean borobilduz.

Berrobi


Berrobiberrik pilota partida jokatu du, 22. alea argiratzear dute urteak amaiera jo baino lehen. Taldeko kide batek bazuen Oñatiko eta Altzoko urtekarien berri eta Berrobin zergatik ez? galdera luzatu zien herritar batzuei, 11 lagun bildu ziren bilera hartan. Berrobiberri izena jarri eta urte hauetan Berrobik eman du nahikoa berri eta urtekarian bildu dira hainbat pasarte. Hasiera batean Berrobiko jaien bueltan argitaratzen bazuten ere, Gabonen bueltan herritarrengana iristen dela, badira urte batzuk. Azken hamarkadan, urtekaria egutegiarekin batera banatzen dute eta hilabetero hausnartzeko tartea izaten da, mimo handiz aukeratutako poesiak izaten baitira irakurgai. 

Alkiza


Ordurako eskualdean, herri aldizkarien loraldia pil-pilean bazegoen ere, Alkizan ez zuten beste herrietako urtekarien erreferentziarik. Kulturan eta euskalgintzan lan egiteko gogoa zuten bost kide elkartu ziren, aldez aurretik hauetako batek botatako galderari erantzuteko, Zergatik ez dugu herrian aldizkaritxo bat egiteko ahalegina egiten? Baiezkoa eman zuten denek eta berehala erabaki zuten izena, alkizarren goitizena oiloak izanik, Oilategitik izena jarri zioten. Orduz gero, 21 urtetan zintzo-zintzo argitaratu da irailean, Alkizan gertatu direnak kontatuz.

Berastegi


Berastegikoa da eskualdeko urtekaririk gazteena. Berrobin argitaratu zen urtekariaren berri izan zuten, notizia berehala zabaldu zen errekan gora. Ordurako sortua zen kultur elkarteko kide batek aipatu omen zuen Berrobiko herri aldizkariarena eta guk zergatik ez galdera luzatu. Bizilaguna duten herriko urtekariko kideekin bildu eta urtekari bat egiteko nondik norakoen berri jaso zuten. Halaxe jaio zen 2004an Aidanean. Aurten 18. alea kaleratu dute adinez nagusitua, salontzoak aurretik jaso zuten berastegiarrek etxean eta kideek aipatu bezala «urte guzti hauetan izaera propioa hartzen joan da». Aidanean (Agidanean euskara batutik datorrena) izena eman zioten, berastegiarrek hitz hau erabiltzeko ohitura handia dutela eta. 

Euskara eta talde lana
Talde lana da oinarrizkoa honelako aldizkari bati forma eman eta koordinatzeko. Bilera, eztabaida eta erabaki askoren ondoren mamitzen da urtekariaren hezurdura. Denak elkarrekin biltzea zaila izaten bada ere, asteburuetako agendan urtekarirako bilerarako tartea egiten duenik ere bada. Oraindik orain badira urtekariari sorrera eman zioten kideak lantaldeetan. Hasiera hartako amets hura gauzatu eta alez ale beren emaria ematen jarraitu dute fin-fin, taldekide berriak ere sartu dira urtekaria inprimategira eraman baino lehen haize berriak izango dituzten letraz eta irudiz betetzeko, beste kasu batzuetan, kolaborazio solteak egiteko eskatzen diete herritarrei eta horrek ere haizeberritu egiten du gai zerrenda eta ikuspegia.

Altzo, Berrobi eta Lizartzako lantaldeetan bada jende gaztea tartean. Altzoko azken urtekarian, hogei bat lagunek idatzi dute, herriko beste eragileei ere kolaboratzea eskatzen baitiete –eskola, udala, Elordi elkartea, talde feminista eta bertso eskola–. Berrobiberrin inkesta bat egin zen urtekarian zer aldatu edo gehituko zuten eskatuz eta bazen kolaboratzaileen atala eskatu zuenik eta hauei ere ateak ireki zaizkie. Alkizan, herriko argazkilarien laguntza izaten dute gertatua iruditan biltzeko eta bileretara lauzpabost agertzen badira ere, azken alean hamabi lagunek idatzi dute. Berastegiko lantaldean zazpi dira, urte hauetan izan dira kolaboratzera prestatu diren herritarrak ere eta guztien borondatea ongi etorria izaten da.

Euskara herritarrengana hurbiltzea izan da beste helburuetakoa, euskaraz irakurtzeko aukera eskuragarriago jarriz. Adin tarte ezberdinetako herritarrengana hurbildu eta bide batez baita euskara ez dakitenengana ere, beren burua aldizkarian ikusi ostean, modu batean behintzat, hizkuntzara hurbiltzeko saiakera ere badelako.

Herritarrak protagonista
Ilusioz itxaroten dute herritarrek urtekaria eta data gerturatu ahala galdezka hasten noiz atera behar duzue aldizkaria?. Etxez-etxe banatzen dira, doan. Jasotzean, beraien buruak eta esandakoak bilatzen dituzte lehenengo, edo familiakoren baten argazkia edo esana, edo bizilagunena. Dena da ezagun urtekarian, dena gertuko. Historiarik txikienek ere lekukoa hartzen dute eta pertsonaiarik ezezagunek ere ahotsa. Nekez esaten dute ezezkoa, herri aldizkarirako argazki batean atera behar dutela esatean edo beraien historia, beraien bizipenak kontatu nahi direla proposatzean.  

Urduritasun puntu batekin eta irrifar txiki batekin jasotzen dute urtekaria, batzuetan gainera bazen garaia esan aldizkaria eskuan hartu eta ixten dute atea. Bada ere emaizkidazu ale gehiago erregutzen duenik ere, kanpoan bizi den ahizpa, anaia, seme-alaba edo lagun kuttunei bidali edo gordetzeko. Egun, urtekari gehienek, Interneteko euskarrian alea lortzeko aukera ematen dute udaletako webguneen bidez, baina paperean jasotzea nahiago izaten dute.

Etxeko egongelan edo sukaldeko mahaian lekua hartzen du urtekariak hilabete luzez, gero hemendik apalategira edo beste urteetako aleekin batera gordeko da kaxa batean. Etxe askotan errepikatzen da fenomeno hau eta halako edo holako noiz jaio zen, hil zen, edo auskalo zer zein urtetan gertatu zen jakiteko askotan ireki dira kaxa hauek eta miatu urtekariko ale ezberdinak. Herritarrek ilusioz esaten dute ale guztiak ditut gordeak etxean, herriko artxibo historikoaren jabe direnaren pozarekin. Herriko jatetxe eta tabernetan ere irakurgai izaten dira, herrian gertatzen den hori  kanpotik datozenek jakin dezaten.

Badira elkarrekin harremana duten kultur elkarteak eta urtekaria argitaratzean elkarri bidaltzen diote. Berrobiko liburutegian esaterako, Berastegi eta Altzoko urtekariak daude irakurgai. Aurten ezagutu dute bostek elkar Gipuzkoako Foru Aldundiaren diru laguntza batzuk medio eta elkarrekin harremana sendotzeko nahia azaldu dute. 

Gaiak sortzen dira
Mila biztanleez beherako herriak izanagatik sortzen dira idazteko gaiak. «Bizirik dagoen herri batean beti dago zer kontatua», diote altzotarrek. Urtekariaren helburu bat horixe da, herriko bizitzaren isla izatea. Gaiak hortxe daude, erreparatu, pentsatu eta idaztea da kontua.

Bost aldizkariak erreparatuz gero, badira gai nagusia jorratzen dutenak eta urtekarian presentzia gehiago dutenak. Lizartzakoan, aipatu bezala, inauteriak dira gai zentrala eta Berrobin, 1950-1960 tartean, emakumeek papergintzaren industrian egin zuten lanaz hitz egingo da. Alkizan azala eta kontrazala adostu ostean, gaiak idaztea nahiko librea izaten da eta herrian aldizkako kolaboratzaile sorta badute horretarako. Altzokoan ez dute gai zentralik, azalak eta kontrazalak dute mezu edo gertakari baten hasiera eta amaiera. Berastegin ere urtean gertatzen eta antolatzen direnak biltzen izaten dute lana, garai bateko pasarteek eta argazki zaharrek ere badute tokia, nostalgia kutsua. Azken urteetan, berastegiarrak Munduan atala dute eta herritarren bizipenak eta esperientziak kontatzen dira. Gaiak sortzen direla zalantzarik ez dago, urteroko orri kopurua goraka joan baita denetan. 

Urtekari batek, idatziko duen jendea, irakurriko duena eta finantzatuko duena behar izaten du. Horretarako publizitatea eta diru laguntzak ezinbestekoak izaten dira urtekariak arnasa ziurtatua eduki dezan. Herrietako denda, negozio txiki eta handiei zor zaie neurri handi batean urtekari hauen existentzia, baita diru laguntzetik etortzen denari ere. Izan dira urte garai oparotsuak, baita malkartsuagoak ere, baina aurrera ateratzeko adina izan da eta urte luzez tokian tokiko urtekariek argia ikusten jarraitzeko itxaropena dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!