Gustuko zituen kiroletan lan egiteko hautua egitea kosta zitzaiola aitortzen badu ere, pozik dago aukeratutako bidearekin. Dabid Belaunzarani (Berrobi, 1987) urrira bitartera luzatuko zaio udako denboraldia eta elurrak Pirinioak zuritu bezain pronto Aragoiko Cerler herrira itzuliko da.
Azken urteetako udarek ez dute opor usainik zuretzako. Hala ere, azaleko kolore ederra daukazu.
Bost urte badira udarak lanean pasatzen ditudala, baina ez dit horrek batere axola. Oporrak dituen jendeak ditut bezero edo ikasle, eta azken batean giroa ere oso udarakoa da. Gustukoa dut lana eta plazerez egiten dut.
Lana plazerez?
Lana lana da, baina gustuko tokian aldaparik ez!
Zure lantokia itsasoa da udaran eta neguan berriz, elurra.
Eskualdeko tailer batean egin nuen lan ia hamar urtez eta udaran eguna olatuen pronostikoari begira ematen nuen eta neguan Pirinioetako eguraldiari begira. Oporrak noiz hartuko desiratzen nengoen beti, gustuko nuen kirola egiteko. Burua eta gogoa beti beste leku batean nituen. Halako batean, neguan eski estazio batean lan egiteko aukera atera zitzaidan eta lanean baimena eskatu nuen denboraldi batez. Neguko denboraldia han pasa eta udaran zer egin pentsatzen jarri eta surf irakasle titulua atera nuen. Hartara, nire bi afizioak ofizio bihurtuz. Elurretako taulako parkeetan shapper lana dut eta Zarautzen udaran surf irakasle.
Surfarekin izan al zenuen lehen harremana izan zen?
Ez. Gogoan dut 7-8 urte izango nituela amak surf ikastaro batean izena eman zidanean Zarautzen. Horixe izan zen taularekin izan nuen lehen harremana. Urteetan egon nintzen kirol hau praktikatu gabe eta gerora aipatu bezala eskiatzen hasi nintzenean heldu nion surfari.
Eta neguan ‘shapper’ zarela aipatu duzu, baina zer da hori?
Izenari erreparatuta badirudi zerbait berezia egiten dugula, baina oso oinarrizko lana da, pala eta pikatxoiarekin elur pistari forma ematen diogu. Elurretako taulan ibiltzeko parkea prestatzen dugu saltoak eta abar egiteko. Lan fisikoa eta gogorra da, baina aldi berean ingurua mundiala da. Batzuetan gauez aritzen gara eta ondoren gozatu ederrak hartu izan ditugu ilargiaren argiaren pean eski estazioan taularekin.
Nolakoa izan da aurten udara deitu diogun negu giroko abuztua?
Abuztua bereziki lanari dagokionean oso ona izan da, jende asko etorri da kanpotik eta Euskal Herritik kostaldera surfa praktikatzera. Surf kanpalekuak lepo beteta egon dira eta goizez horiekin ibili naiz irakasle, eta arratsaldez surf eskolara hurbiltzen direnei klaseak ematen.
Surfa pil-pilean dagoen kirola al da?
Orokorrean kirola praktikatzea dago pil-pilean eta noski horien artean surfa. Lehen gutxi batzuk praktikatzen zuten, kostaldekoa zen jendeak. Orain berriz, edonork praktikatzen du, bereziki udaran, baina orain neguan ere geroz eta jende gehiago dabil uretan.
Zer ematen dizu itsasoak?
Zaila da azaltzea barruan zer mugiarazten didan. Niretzako deskonekxio bat da. Momentuan momentukoa bizitzea ematen dit surfak. Ez daude bi olatu berdin; olatu bat ondo hartzen duzu eta gozatu dezakezu eta ondoren datorrenean kale egin. Berriro ekinez, itsasoari aurrez aurre jarrita egon zaitezke, olatuaren zain, lasai-lasai eta askotan ilunabarrari begira. Uretan bakarrik edo konpainian egotea ere ederra da, sekulako askatasun sentsazioa. Zenbat gauza!
Hain azalera handian txiki sentitu al zara inoiz?
Indartsu, zaratatsu... sentitu izan naiz eta olatu handiak datozenean beharko txiki sentitu. Bakoitza bere tokian jartzen du itsasoak.
Aurtengo denboraldia urrian amaituko duzu, Pirinioei begira jarriko al zara gero?
Bai noski! Surfeko irakasle lanak urri erdialdera artean egingo ditut eta elurretako denboraldia azaro amaieran edo abenduan hasiko da, elurraren arabera. Cerler izan dut bizileku neguan azken urteetan eta Aste Santua pasa artean elurraz gozatzen dut egunero.
Pasa den urtekorik ez al da gertatuko...
Ez nuke nahi! Estazioek lan asko sortzen dituzte aisia, kirola, turismoa eta zerbitzuei loturik eta toki horiek nekez iraungo dute beste denboraldi bat itxita. Pertsonalki berriz, lana izango genuela esan eta gero lanik gabe geratu ginen denboraldi guztian eta horrek kili-kolo utzi ninduen. Aire librean egiten den kirola debekatzeak logikatik oso gutxi du.
Denboraldika lan egiteagatik zenbatek esan dizute «hik bai suertea»?
Askok esan didate! Ez nuke nik zortea dela esango, bilatu dudan bidea baizik. Egia da gustuko lana egiten duzunean jendeari ez zaiola iruditzen lana egiten duzunik eta gutxiago zure lana beraiek aisialdi gisa erabiltzen duten kirolari loturik badago.