Donostiako antzokiak emanaldiz josi dira azken aste honetan, dFeria arte eszenikoen urteko lehen erakusleihoa igaro baita. Kultura “inoiz baino beharrezkoagoa” den garaia dela uste du Berrobin bizi den Norka Chiapussok (Donostia, 1963), Donostia Kulturako antzerki eta dantza programazioaren zuzendariak, “gizartearen osasuna zaintzeko tresna egokia izan delako”. Herritarrak kultura gosez daudela ere argi du Chiapussok, programatutako ekitaldi guztietan publikoak “bikain” erantzun duelako.
Amaitu berri da dFeria jaialdia. Zer balantze egin duzue?
Oso-oso gustura gaude dFeriaren aurtengo edizioarekin. Gaur egungo pandemia egoera kontuan harturik ere, sarrera gehienak saldu genituen, arte eszenikoetako 350 profesional inguru etorri dira Donostiara, eta baita herritarrak ere.
Urtebeteko lehortea izan dute antzerki feriek. Oasia izan al da dFeria?
Iaz antolatu zen azken arte eszenikoen feria izan zen dFeria; martxoaren 12an amaitu zen, eta martxoaren 14an denok etxeratu egin gintuzten; handik aurrera ez zen egin gisa horretako ekitaldirik. Urtebeteko tarte honetan berriro guri egokitu zaigu lehenak izatea. Gurea abiapuntua izan da, eta beste jaialdietarako ere bultzada izango da. Arte eszenikoek presentzia behar dute gizartean; mundu zabaleko aretoen zirkuituan mugimendua behar dute.
Euskal Herrian zenbat antzerki feria egiten dira?
Bi: bata, kalekoa, Leioan [Bizkaia] antolatzen den Umore Azoka; eta bestea, Donostian antolatzen dugun aretoko antzerki feria.
Zenbat ikuskizunen proposamenak jaso dituzue aurten?
Mundu osoko 350 proposamen inguru jaso ditugu, eta 28 konpainia aukeratu ditugu feria honetan, horietatik hemezortzi, estreinaldiak. Tartean, Euskal Herriko sortzaile eta profesionalak ikusi ditugu oholtzan; gehienak, ordea, Espainiakoak izan dira, eta, gutxi batzuk, beste herrialde batzuetakoak. Programazioaren %90 antzerki eta dantza emanaldiek osatzen dute, eta gainontzeko emanaldiak diziplina anitzekoak dira.
Mundua geratu dute eta kulturak lanean jarraitu du…
Zer erremedio!
Euskal konpainiek ere lekua izan dutela aipatu duzu.
Euskarazko antzerki emanaldi bat programatu dugu: Bertolt Brecthek idatzitako Ama kuraia antzezlana, Arriaga antzokiaren eskutik. Itzulpena Kepa Errastik egin du eta zuzendari lanak Maria Goirizelaiak. Sisiforen paperak ere programatzeko asmoa genuen, Egunkaria-ren itxierari buruzko emanaldia, baina, logistika kontuengatik, dFeriaz kanpo programatu dugu. Euskal Herriko dantza konpainiek ere presentzia izan dute: Kukai dantza taldeak, Amaia Elizaranek, Iratxe Ansak eta Iker Karrerak, esaterako.
Arte eszenikoetako profesionalei eta programatzaileei zein publikoari bideratutako programa izaten al da?
Guztiengan pentsatuz antolatutako emanaldiak dira. Gure aretoak profesionalentzako zein herritarrentzako irekiak daude. Maila profesionalean, ikuskizun garaikideak dira, eta feriak erakusleiho izaten dira, konpainientzako eta estreinaldientzako bereziki. Helburua da ikuskizun horiei merkatu berriak irekitzea eta ezagutaraztea, emanaldiak gero beste herrialdeetan saltzeko. Bestalde, hiritarrei zabalduriko feria ere bada eta publiko horrengan pentsaturiko emanaldiak ere badira. Feria izateaz gain, jaialdia ere bada, eta aukera polita da era guztietako ikuskizunak ikusteko. Guretzako garrantzitsua da publikoak dFeria maitatzea.
Aurtengo leloa Etorkizuna izan da. Inoiz baino gehiago kulturaren eta arte eszenikoen etorkizuna sustatu behar delako, akaso?
Azken urtean bizi izan dugun egoerak argi utzi du zeintzuk diren funtsezko gauzak eta balioak; maila pertsonalean zein gizarte mailan irizpideak eta balioak birplanteatu ditugu. Mundua geratu dute eta aldaketa garaia da; etorkizuna aldatu behar dugu. Munduaren amaieran bageunde, ez atzera eta ez aurrera biderik ez legoke aldaketak proposatzeko.
Eta kulturak aldaketa ekar lezake?
Dudarik gabe. Eta argi geratu da hori. Medikuek eta osasun arloko langileek zaintza lanak egin dituzte, eri daudenak sendatuz. Kulturaren kontsumoak izugarrizko gorakada izan zuen lehen itxialdi hartan bereziki; liburu gehiago irakurri zituen jendeak, filmak eta telesailak ikusi zituen… Argi geratu da zein ezinbestekoa den kultur eskaintza egotea, herritarron egoera psikologikoa zaindu baitu; arnasgunea izan da. Kulturak oreka psikologikoa mantentzeko balio izan dio gizarteari. Lehen ere betetzen zuen funtzio hori, baina argi gelditu da orain.
Arte eszenikoen feriak zer bilakaera izan du hasieratik?
Ibilbide aldapatsua eta zaila izan du; tartean, lau urteko geldialdia ere bai, aurrekonturik ez zegoelako, baina azken urteetan gozoagoa izan da bidea. Donostiako Viktoria Eugeniaz eta Antzoki Zaharraz gain, kultur etxeetan ere baditugu aretoak, eta baldintza onak ditugu ikuskizunen kalitate artistikoa bermatzeko. dFeria martxoan izan da azken urteetan; Donostian, urtean zehar, bada nahikoa jaialdi eta ikuskizun, data aldaketa honekin hiria ikuskizunak ikusteko gosez egoten da, eta publikoak ere harrera ona egiten dio.
Hamaika antzezlan ikustea egokitzen zaizu urtero. Nolakoa izan da euskal antzerkiaren bilakaera?
1980ko hamarkadan ikaragarrizko jarduera zegoen antzerkigintzan, konpainia enblematiko asko sortu ziren: Maskarada, Geroa, Tanttaka, Ados, Trapu Zaharra… Frankismo ondorengo antzerkigintza zen eta bazuen kutsu politikoa askotan. Kostatu egin da, ordea, konpainia horiei erreleboa ematea. Batzuk desagertu egin dira, eta gutxi batzuk, mantendu. Badator erreleboa, Artedrama, Dejavu eta Atx konpainiekin, adibidez. Konpainia berri horietako batzuek euskara hutsean egiten dute lan, oso antzezlan abangoardistekin eta oso gidoi landuekin.
Garai oparoan al daude euskal dantza konpainiak?
Bai, halaxe daude. Punta-puntako konpainiak dauzkagu, sortzaile gazteak dira orokorrean, eta berriak ere badatoz atzetik. Dantzan antzerkian baino jende gazteagoa datorrela iruditzen zait.
Donostia Antzerki Sariak ere badu irabazlea: Xake Produkzioak konpainiaren Fadoak entzuten zituen gizona. Euskal antzerkigileentzat bultzada garrantzitsua al da?
Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, martxoaren 27an, banatuko dugu saria, Viktoria Eugenia antzokian. Bigarren aldiz irabazi du Xake Produkzioak konpainiak. Euskaraz sortzen duten konpainientzako garrantzi handiko saria da, erakusle ona, zalantzarik gabe. Epaimahaiak erabakitzen du gure zirkuituko euskal antzerki obrarik onena zein den; 12.000 euroko saria jasotzen dute, eta ekoiztuko duten hurrengo lana guk programatzeko konpromisoa dugu.
Euskarazko antzerkiak zer presentzia du hirian?
Ez da duela hogei urteko konturik. Orduan, San Tomas egunaren inguruan bakarrik eskaintzen zen antzerkia euskaraz Donostian. Guk, aspalditik, hilabetero euskarazko emanaldiak eskaintzen ditugu, eta publikoak sekulako babesa ematen dio euskarazko antzerkigintzari. Artedramak arrakasta handia du, adibidez; Txalok antzerki komertzialagoa lantzen du, eta arrakasta itzela du Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola bezalako aktoreekin ere.
Antzerki amateurra nola ikusten duzu?
Donostia Kulturan ez diogu leku askorik egiten antzerki amateurrari, baina herrietako mugimendua oso garrantzitsua da. Antzerkigintza amateurra gure publikoaren harrobia da, baita antzerki profesionalerako kideen iturria ere. Herri txiki bateko antzerki taldeko kideak eta ikusleak, kasu, antzerki profesionaleko ikusle bilakatzen dira.
Bada antzerkia, zuzenean, umorearekin lotzen duenik; obra bat ikustera barre egitekotan soilik doana.
Publiko ezberdina dago antzerkian; batzuek komertziala maiteago dute, eta besteek abangoardistagoa, gidoi sakonekin eta hausnarketarako bidearekin. Antzerki mota ezberdinak ikusteko aukera eskainiz gero, publikoa antzerki abangoardista ikustera ohitu daiteke. Antzerkian barrea eta umorea soilik egingo balitz, ez luke etorkizunik edukiko.
Umorea eta hausnarketa behar dira gaur egun?
Antzerkiak eta arteak pentsamendu kritikoa sortzeko balio dute; gutxienez, zalantza sortzeko. Agian, ez dizkigu emango erantzunak, baina zalantza eta hausnarketa sortzen badizkigu, bere lana egingo du. Pentsamendu bakarraren inposizioa egon da azkenaldian, adierazpen askatasuna moztu digute, eta komunikabideetan kanpaina basatiak egin dituzte. Orain arteko eskubide guztiak tanpako batean kendu dizkigute, eta gizarte eta politika mailan argi-ilun asko sorrarazi dizkit horrek. Krisialdiak ez dira mundua geratuta gainditzen.
Zer eskatzen diozu 2021ari?
Ez naiz ausartzen ezer eskatzera, gure esku ez dauden faktore askok eragiten baitute. Traktore lana egin dugu; arazoa sorbalda gainean hartu eta kultur programazioa mantentzen saiatu gara, zer gerta zitekeen jakin gabe. 2020ko ekainean, lehenak izan ginen Viktoria Eugenia irekitzen, eta apustu latza izan zen. Udako programazioa zehazteko dago, oraindik, ez dakigu eserlekuen neurketa nolakoa izango den edo zein neurri bete beharko diren. Zintzilik dago dena, baina programatzeko gogoz gaude gu!
“Euskadin rock-and-rollak ez du dirurik emanen”, abesten zuen Hertzainak taldeak. Kulturarentzat ere ez dira betiko garai onenak…
Gure kasuan, saldutako sarrerekin ordaintzen dira emanaldi asko. Eserlekuak murriztean, ordea, diru sarrerak ere gutxitu egin dira. Kultura gosez dago publikoa, hori nabaritzen dugu, eta zorionekoak gu! Aurrekontuei dagokienean, aurten ez dugu gehiago jasoko, eta diru publikoa inoiz baino ezinbestekoagoa den garaian gaude. Politikariek gauza bat esan eta bestea egiten dute hemen.