«Beti esan dut gu Chavezen profetak izan ginela»

Miren Egiguren Iraola. AGURTZANE BELAUNZARAN

Miren Egiguren Iraola izatez irakaslea da baina ekintzailea denik ezin ukatu. Bizitza erdia Venezuelan eman du, bertakoak lagunduz, umeak eta emakumeak, batik bat.

Miren Egiguren Iraolak (Bidania-Goiatz, 1947) bizitzaren erdia baino gehiago sorlekutik urrun pasa du, Venezuelan, hain zuzen ere. Duela hiru urte etorri zen Euskal Herrira, baina berak, bihotza oraindik han duela aitortu du. Petaren eraiki zuen zazpi solairuko etxea, 500 ikasleren ikastetxea da oraindik. Besteei laguntzea izan da bere bizimodua, bai han eta baita hemen ere. Euskal Herrira itzuli eta lanean jarraitzen du oraindik, ezinduen zaintzan dihardu.

23 urteko neska gaztea izanik, Bidaniatik Venezuelara bidean jarri zinen.

Elkarte baten bidez joan nintzen hara eta indigenekin lan egin nuen Guajiran. Haiek guajiro hitz egiten zuten, hizkuntza ezberdina, eta ni segituan hasi nintzen ikasten haien hizkuntza, 'Egunon' esaten eta abar… Euskaldunak hemen mespretxatuak ginen gisan, haiek ere han gutxietsiak ziren. Han ohartu nintzen ni ere guajira nintzela eta, orain argi baino argiago dut, gu Europako indigenak garela. Guajiran nazio eta euskalduntasun sentimendua indartu zitzaizkidan.



Venezuelan 47 urte egin dituzu eta beti besteei laguntzea izan da zure lana.

Gure aitaren gogoeta bati lotuta, mundu honetan zerbait egin behar nuela pentsatu nuen, nire bizitza ez zela normala izango, bizitza oso konprometituta eta besteei laguntzeko prest egongo nintzela beti. Besteei laguntzeak indarra eta aurrera begiratzeko bidea ematen dit, hori da naturak eman didana.

Beti jendartean eta sozialki gizarteko sektore ahulenekin lanean aritu zara.

Kooperatibak antolatzen eta jendea prestatzen aritu nintzen. Eta zein prestatzen da? Emakumea! Emakumeak bereziak gara, emakumearen borondatea laguntzeko eta antolatzeko sinestezina da. Elikagaien kooperatiba antolatu genuen eta supermerkatua martxan jarri, baita joskintzako tailerra ere, medikuntza alternatiboa praktikan jarri genuen sendabelarrekin osasun etxean, bankua ere antolatu genuen, Petare auzoko bizilagunek aurreztu zezaten. Sukaldaritza tailerra eta alfabetizazioko proiektuetan ere buru-belarri aritu naiz. Aberastu nahi izan banu Venezuelan aberastuko nintzen, baina ez da inoiz nire helburua izan. Jendez inguratuta bizi izan naiz. Zenbat ume hazi ote ditut etxean!

Bibliako pasarte batean, Jainkoak arrainak eta ardoa biderkatu zituela aipatzen da. Zuk ordea Jainkoaren marka oso atzean utzia omen duzu.

Bider lau egin genuen! Ikaragarrizko proiektua jarri genuen martxan sojarekin. Mirariak egin genituen lekale honekin, osagaia eraldatuz, esnea, gazta, hanburgesak eta abar egiten genituen. Jakiak modu ezberdinetan aprobetxatzen ikasi eta irakatsi genuen.

Miren Euskal Herrian, Mirentxu Petaren. Petare nolakoa da?

Latinoamerikako auzorik handiena da, bata bestearen ondoan eraikitako txabolaz betea. Sekulako jende pila bizi da, zenbat bizi diren, ziur, inork ez daki. Petareko zonalde batzuetan arazo sozial oso larriak daude: drogak, erailketak, mafiak, pobrezia… Ni Venezuelan hangotar bezala bizi nahi nuen eta herri xehearekin bizitzea erabaki nuen.

Zure etxea auzoko ikastetxeetako bat da, Mirentxu irakaslea izan zara han eta Julio metodoaren asmatzailea.

Alfabetatzea izan dut helburu nagusienetakoa. Julio izeneko mutiko bat nuen, ikasteko sekulako arazoak zituen, hiru urte eskolan pasa eta irakurtzen ikasi ezin zuena. Orduan haurra etxera eraman nuen eta marrazkien bidez erakutsi nizkion alfabetoko letrak. Alfabetoko hizki bakoitzari istorio bat asmatu nion eta nik hori kontatzen nion behin eta berriz, hilabete gutxiren buruan, istorioa kontatzearekin batera bazekien zein letraz ari nintzen eta istorioak elkartuz, irakurtzen ikasi zuen. Neurologoak mikrozefalia zeukala esan zidan eta milagro bat egin nuela eta ez zidan kontsulta kobratu!

«Euskaldunak hemen mespretxatuak ginen gisan, haiek [guajiroak] ere han [Venezuelan] gutxietsiak ziren»


Erronka zailen zalea zara.

Bai noski, ume argiak eta azkarrak ez zaizkit interesatzen, aurrera aterako dira erraz. Ezinean dabiltzan horiei laguntzea eta aurrera ateratzeko bidea erakustea, mundua aldatzeko moduak dira. Umez inguraturik egon da nire bizitza Petaren, zenbat ume hazi ote ditut nire etxean!

Chavezek zuen antolamendua oinarri hartu omen zuen chavismoan eman zituen aldaketa sozialetako politiketan.

Boterera iritsi zenean gure proiektuaren berri jakin zuen. Militarrak guregana etorri ziren Petareko antolaketa ezagutzera eta gure esperientzia guztiak grabatu zituzten, talde bakoitzeko emakumeok azaldu genien nola antolatzen ginen eta nola egiten genuen lan: bankuan, joskintzan, alfabetizazio proiektuetan, sukaldean, osasungintzan… Nik beti esaten dut gu Chavezen profetak izan garela. Chavezek misioak martxan jarri zituenean, gure kopiak baitziren.

«Emakumeak bereziak gara, emakumearen borondatea laguntzeko eta antolatzeko sinestezina da»


Chavismoa nola bizitu duzu?


Chavismoa ulertzeko atzera begiratu beharra dago. Nik chavismoan baino urte gehiago pasa ditut 4. Errepublikarekin. Hauek, Venezuelako ondasun guztiak AEBaren eta Venezuelako aberatsen artean banatu zituzten. Abantaila guztiak aberatsenak ziren: atzerrian ikasteko bekak, unibertsitaterako matrikulak, ospitaleak… Den-denak aberatsentzat. Pobreentzako ez zuten ezer ere egiten, gosea pasatzen genuen. Esnea lortzeko sekulako arazoak izaten genituen.

Chavismoak aldatu al du hau guztia?

Aldaketa handiak egon dira Venezuelan, chavismoarekin herritarrak esnatu egin dira. Petarera medikuak etorri zitzaizkigun, eskolak jarri zizkiguten, analfabetismoa erradikatu egin zuten. Auzoko txiroenak, batxilergoa eta unibertsitatera joateko aukera dute txakur txiki bat ordaindu gabe. Aurreko agintari handi-mandientzako eta alkandora zuridun herritarrentzako, ezertarako balio ez zuen jende horri, bultzada eman dio chavismoak eta hori eliteak ezin du onartu.

«Hemengo gobernua ere Guaidoren aldekoa da, nola liteke inork aukeratu gabe presidentea izendatzea bere burua»


Oposizioak eta eliteak oztopoz bete al dute chavismoaren oinarria?

Buloak ateratzen zituzten bere kontra, tranpak jarri izan dizkiote. Badakit zein jendilaje dagoen oposizioan eta okerrenak dira. Chavezek eta chavismoak eduki duen txarrena alderdi barruan sartu diren arkume larruz jantzitako otsoak izan dira, egoera haiek izorratu dute. Guaido eta konpainia jendilajea da, inon diren gaizkilerik handienak. Venezuelaren egoeraren erantzuleetako batzuk dira.

Euskal Herrian Venezuelaz, chavismoaz eta Maduroz gaizki esaka hasten direnean, zer pentsatzen duzu.

Ezjakinen hitzak direla pentsatzen dut. Hemengo gobernua ere Guaidoren aldekoa da, nola liteke inork aukeratu gabe presidentea izendatzea bere burua. Espainiako erregea bezalaxe, inork aukeratu ez eta errege!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!