«Herri bat ez da eraikitzen, artzain bakar batek gazta ona egiten dakienean»

Andres Etxeberria Iztueta. PEDRAM YAZDANI

Koronabirusak sortutako larrialdi egoera abiapuntu hartuta kritiko azaldu da Andres Etxeberria Iztueta egungo gizarteak bizi duen ereduarekin; honela, artzain eta artisauaren bizitza eredua ezagutu du gertutik ATARIAk.

Andres Etxeberria Iztueta (Berastegi, 1942) hamaika senideko familian bigarrena. Baserriko lanetan txikitatik aritzea egokitu zitzaion, eta eskolarako denbora gutxi izan zuen haurtzaroan, eguraldi txarra zenean bakarrik. Gerora gaztetan, Valladoliden (Espainia), Nekazaritza enpresako zuzendaritza eta kudeaketa ikasketak burutu zituen. Berastegira itzuli eta emaztearekin batera hasitako proiektuan artzaintza izan zuen bizibide. Gaztak egiten ikasi eta gero gaztagile maisu izan da. Arantzazuko artzain eskolako ikasleak ere hartu zituen etxean. Beti ikasten eta beti irakasten. Jubilatu, jubilatu zen, baina lanean jarraitzen du txarra-txarra. Berak jolasean aritzen dela dioen arren, artzain izatetik, artista izatera iritsi da Etxeberria. Bere lantegitxoak, museo etnografiko titulua izatea bakarrik falta du, lehengo nekazaritza eta abeltzaintzako lan tresnak sortzen dihardu buru-belarri. Etxeberriarekin Berastegiko Armuiño etxean, lehengo eta oraingo bizimoduri buruz aritu da ATARIA, patxadaz solasean.

Zure eskuei begiratu besterik ez dago: lanean zailduak daude.

Haurtzaroan, eskolara joan gabe lanean arituak gara. Hamaika urtera arte eguraldi txarretan bakarrik joaten ginen eta handik aurrera ezer gutxi. Hamaika senideko familian zaharrenetakoa izatea egokitu zitzaidan eta ikasketak eta jolasa baino gehiago, lana eginez haziak gara.


Eta umeak jolasa maite.

Umetan jolasten bagenuen kastigua seguru! Ez nuen jolasterik izan eta orain zahartutakoan jolasten dut, gustuko ditudan gauzak sortuz. Egur bila joatea, egurra moztea eta lantzea jolasa da niretzako. Zurgintzako tailerrean zoriontsu naiz: lagunen bati sega zorroztu, kirtenen bat konpondu, eskuareak egin, sega-potoak, basoan egurrezko forma berezia duten eskultura naturalak bilatu.

Jolasean-jolasean lanerako tresnak sortzen dituzu!

Artzain txaboletan aspaldian erabiltzen ziren lantresnak egiten ditut: xurkak, malatsak, gazta zumitzak, kaikuak... eta zereal produktuak -artoa, garia edo babarruna- neurtzeko ibiltzen ziren neurgailuak ere errekuperatu ditut eta ikerketatxo batzuk eginez berriak aurkitu ere bai: lakaria, gaitzerua, almotea arabiarretik etorriko da etimologia lakari erdia eta lakari laurdena duen neurgailua. Izen horiek neronek ere orain ikasi ditut. Guztira, sei neurgailu ezberdin lortu ditut egitea. Zintzarrien bilduma ere badut, hauek niretzako kapritxoan eginak dira. Zintzarriak merkatuetan eta azoketan erosi eta zintzarri mingainak eta uztaiak neronek egiten ditu egurrarekin.



Horiek hitz berri asko dira kalekumeentzako...

Beharbada orain jendeak ez ditu ezagutuko termino hauek. Gure denboran, neurgailuak kilotan neurtu beharrean, kaxa batzuetan neurtzen ziren, lakaritan normalean. Azken 60 urtetan gauzak asko aldatu dira eta neurgailu hauek, baserriko ganberetan botata daude, pipiak jota asko edo zaborretara edo sutara botata beste asko. Gizaldi honetako norbaitek interesik balu, oroitu dadin egiten ditut lantresna hauek.

 

Umetan jolasten bagenuen kastigua seguru! [...] Orain zahartutakoan jolasten dut, gustuko ditudan gauzak sortuz


Lakaritik laka hitzaren jatorria.

Laka, errotariak baserritarrari kentzen zion zerealaren neurria zen. Laka errotariarentzako bizimodua zen, baserritarrarentzako galera ordea. Hitzaren bi alde kontrajarriak!


Sormen hauek burutzeko materiala nondik lortzen duzu?

Nire lurretan egurra franko daukat, haritza, gaztaina, urkia eta ezpela. Azken hau Nafarroatik ekartzen dut eta nire sailetan orain ezpelak landatu ditut, etorkizun batean hortxe egongo dira. Beste material asko zabor-ontzian topatu izan dut, nik egindako lan asko birziklatutako materialarekin egina dago. Ditudan eskultura asko basoak sortu ditu, naturaren artea guk ezin dugu berdindu.

Nekazaritzan eta abeltzaintzan, esku lanetik, lan mekanizatu batera pasa den gizaldikoa izan zara.

Lan egiteko moduak ikaragarri aldatu dira lehengotik. Pentsa! Lehen, esnea kaikura jetzi, inbutuan osina jarri eta handik abatzera pasa eta gero malatsarekin hausten zen esnea. Hortik, esnea ontzi handi batzuetan sartu eta elektrizitatea eta tenperatura egokia tarteko egiten da lan guzti hau. Aldaketa hauek ezagutu ditut eta lehengoa errekuperatu nahi izan dut.

Artisau azoketan zure postua ikusita, museo etnografikoa txiki bat dela esan daiteke.

Berastegiko sanmartinetako azokan eta Berrobiko udaberriko azokan jarri izan dut postua eta jende dezente hurbiltzen da lan-tresnak ikustera, eskuaren bat ere erosi izan didate eta sukalderako egurrezko sardeskek eta koilarek ere tirada handia dute.

Bisita gidaturen bat ere bazenuen hitzartua baina egoera dela-eta, bertan behera geratu zaizu, ezta?

Ultzama aldean (Nafarroa), artzain bizimoduari buruzko bisita gidatua egitekoa nintzen, sortu ditudan piezak erakutsiz, baina egoera baretu artean bertan behera utzi dute.

Ditudan eskultura asko basoak sortu ditu, naturaren artea guk ezin dugu berdindu


Gaztetatik lehen sektorean aritu nahi zenuela oso argi zenuen eta 24 urterekin erabaki sendoa hartu eta Valladolidera, Espainia aldera abiatu zinen.

Valladolidera joan nintzen, erdaraz bi-hiru hitz zekien mutil gaztea nintzela, Nekazaritza enpresako zuzendaritza eta kudeaketa ikasketak burutzera. Garai zailak izan ziren, hizkuntza jakin ez eta ikasketa oinarri oso-oso ahulak bainituen. Praktika banekien, baina teoria falta zitzaidan. Nota onak ateratzeko ahalmen exkaxa nuen baina ikasten ari ginena errealitatearekin erlazionatzeko eta praktikotasunera eramateko oinarria banuen, baserrian ikasi nuena.

Urteen joanean, bizipen haren balorazioa zein da?

Esperientzia positiboa izan zen hura, batik bat ikuspegia zabaldu egiten duzulako. Gizarteko harremanetan bereziki, lehenengo sektorean lan egiten zuen jende asko ezagutu nuen, esperientziak eta jakintzak elkartrukatu genituen. Aberastasun handiena ordea, gauzak aztertu eta gogoetak egiteko ahalmena lortu nuela da, ikuspegi psikologikoa eta filosofikoa landuz.

Gogoeta eta hausnarketak eginez filosofatzen al duzu?

Egin dudan guztian sinesten dut. Sinesten ez dudan gauzarik ez dut sekula egin nahi izan eta norbaitek eginarazi badit oso behartuta izan da. Artzain izatea erabaki nuen eta pezeta bat gehiago irabazteagatik naturari kalte egingo dion produkturik ez dut erabili. Ekologi sistema puskatzea ez dut behin ere gustuko izan. Diruaren kontuan berriz, aberasteko planik edo diru asko irabazteko plana izan banu, beste bide batetik jardungo nintzen.

Aberasteko planik duen artzainik ezagutzen al duzu?

Artzain eskolako gazteei gure etxera praktikak egitera etortzen zirenean, ondorengoa esaten nien: «Negozioa aberasteko modukoa ez dago, baina artzain izan nahi baduzue, sekula ez zaizue lanik faltako eta baldintza on bat ere izango da, goserik ez duzue izango; gainera jubilatzera ailegatzean diru asko ez duzue pilatuko eta diru hori administratzeko lanik ez duzue sekula hartuko». [Barrez].

Arditan hasi eta bost urtera ikasi genuen profesionalki gazta egiten


Diruarekin orduan ez daukazu batere arazorik…

Batere ere ez… Nire jabetza guztia begi aurrean daukat eta lasai bizi naiz. [Barrez].

Artzain izateko amets hura egi bihurtu zenuen eta Rosa Catalá emaztea zurekin aritu zen buru-belarri lanean.

Artzain batentzako bazkide-lagunik onena emaztea da eta guk elkarrekin jarri genuen martxan artaldearen proiektua eta gaztak egiten ikasi gero. Talde lana egin genuen, bagenekien zer egin behar genuen, eztabaida gutxi eta lan asko.

Gazta egiten noiz ikasi zenuen?

Berastegin ia etxe guztietan baziren ardiak, gazta ere asko egiten zen baina etxean jateko zen. Lehengo sisteman ez zen tenperaturarik neurtzen, dena ahal zen moduan egiten zen. Gazta mordoa bai, baina denak ezberdinak eta baldintza kaxkarrekoak. Arditan hasi eta bost urtera ikasi genuen gazta egiten profesionalki. Artzainak elkartzen hasi ginen eta ezagutzak eta teknikak elkarbanatzen: gatzariak, tenperaturak, denborak, hatzigarriak eta garbitasuna neurri egokian erabiltzen ikasi eta hemen hasi zen, gaztaren garantia hobetzen.

Gazta egiten ikasi eta gaztagile maisu gero.

Hasieran partikular bakarren bati edo erakutsi nion. Tolomenditik etorri zitzaizkidan gero, gazta egiteko kurtso bat martxan jarri nahi zutela eta maisu izango ote nintzen galdezka: Tolosaldetik, Oiartzundik, Azpeitia aldetik eta Goierritik etorri zen jendea eta nire etxean gazta egiten erakutsi nien. Gero herritarrei erakusteko gogoa piztu zitzaidan, pentsatu bainuen, herri bat ez dela eraikitzen, artzain bakar batek gazta ona egiten jakinda. Dakizuna konpartitzen ez baduzu, zuk ikasi duzunak ez baitu ezertarako balio. Herrian gazta egiten ikasteko borondatea zuen guztiei erakutsi nizkien gazta ona egiteko pausoak eta arauak.

Eta ikasle oso onak izan zenituen…

Berastegiko San Martin azokan egiten den Gazta Lehiaketa da horren testigu. Lehen urteetan kalitatea ez zen ona, gazta xelebreak aurkezten ziren… Nolabait egindako gaztak ziren, kontua parte hartzea zen. Gero pixkanaka kalitatea hobetzen joan zen, nabarmen gainera, eta nik ikasle izan nituen ikasleek irabazi izan ninduten gazta lehiaketan!

Gaur egungo artzaintza nola ikusten duzu?

Baldintzak, genetika eta ardi esnearen produkzio aldetik asko hobetu dira. Garbitasuna ere faktore oso garrantzitsua da. Hobekuntza nabarmenak izan dira; kontrara, artzainak gutxitzen eta mendiak zikintzen ari direla da. Erakundeek ere ez dute ezer egiten, ez dago lehen sektorea indartzeko planik. Politikoen morrontza multinazionalen pean dago. Kanpotik ekarri, kanpora eraman.

Gizarte moderno eta ekonomia librearekin talka egiten du lehen sektoreak…

Baserrietan, lehen, familiaren autokontsumoa bermatzen zen. Produkzio handiagora pasa garenean, ez dugu jakin bide hori ondo kudeatzen. Norabiderik gabeko itsasontzia itsaso erdian utzi dute galduta erakundeek. Aterabiderik ez dio inork ikusten, ez dago eztabaidarik, kezkarik: esnerik gabe geratzen bagara, ekarriko dute nonbaitetik, haragia falta bada Argentinatik ekarriko dute, hemendik burdina eraman eta handik haragia ekarriko duen itsasontzian. Barazkiekin ere berdin; hemen baratzak larreak hartuta dauden gainbehera horrek jarraitzen du eta buelta emateko ahaleginik ez dut ikusten.

Munduren norabidea ez duzu oso zuzen ikusten.

Oker dauden gauzkak zuzen ikustea zaila izaten da. Mendira joaterakoan ere, makil zuzenak eta okerrak ezberdintzen ditut nik. Makil okerrak askotan, zuzenak baino hobeak eta politagoak dira, baina munduaren norabidea zuzenxeagoa nahiago.

Egoera berri honek, zure bizimodua asko aldatu al du?

Niretzako bizitza ez da asko aldatu, pentsatzen jarrita, ia bizitza guztia konfinamenduan egon naiz. Ateraldi txikiren bat egiten genuen, Bartzelonara urrutien, familia ikustera eta Pirinioak ingurura, pare bat egunerako askotan, gehienez astebete. Gainerakoan, gure ardiekin mendi inguruetan ibili gara, astean behin Tolosara, erosketak egitera. Etxe ataritik eta ingurutik asko urrundu gabe.

Egoera honek zer gogoeta sorrarazi dizu?

Gizarte moduan, gogoeta asko sorrarazi dizkit; uste izan dugu, mundu honetan dotore bizi garela, atzera egiteko eta gauzak okertzeko aukerarik gabe biziko ginela. Hau etorri da eta jendea lanera joan gabe geratu da, enpresa asko miseriara etorri dira, jendeak bi edo hiru etxe badituela eta ezin joanean geratu direnean larri. Ekonomia arazoa badator eta lehen sektorean lanik egin nahi ez duen gizartea eraiki dugu. Egoera honetan itzuliko al gara lurreko lanetara, asentatuko al gara, egoera fantasma hauek utzita? Beheraxeago etorriko al gara, atzerapauso txiki bat eginda? Hauxe nire gogoeta.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!