Azpitituluak

Txikitan ez nituen gustuko azpitituluak. Uste nuen irakurri behar horrek ez zidala uzten irudia osorik eta xehetasun guztiekin ikusten.

Gainera, irakurketa-abiadura neurtzeko azterketatzat hartzen nituen: testu zatia osorik irakurtzeko gai nintzenean, harro demonio; kontrakoa gertatzen zenean, berriz, hura kaka-nahastea. Tamalez, gehiegitan agertzen zitzaizkidan botiken iragarkiak telebistan: Lea las instrucciones de este medicamento y consulte... Ez, ni ere ez nintzen iristen bukaerara. Azpitituluekiko nuen iritzia aldarazi egin didate, ordea, azken asteotan bizi izandako bi pasadizok.

Lehena, inguruko herri txiki batean gertatutakoa. ETB2rentzat lan egiten duen ekoiztetxe bateko arduradunak herritarrekin jarri dira harremanetan. Saio bat egiteko asmoa dute, bertako bazterrak eta produktuak ezagutarazteko, gaztelania hutsean. Horren aurrean, elkarrizketatu nahi duten familia batek euskaraz hitz egitea erabaki du, gaztelaniaz ez dela-eta eroso sentituko. Artikulu honen izenburua leituta, erraza da irtenbidea: azpitituluak jarri eta kito. Bada, ez; saioaren barne-araudian, politika-legean edo dena delakoan ez dute onartzen. Euskal Telebista. Harrapazank.

Bigarrena: Leidor zineman. Gure oroitzapenak, Joseba Sarrionandiaren unibertso literarioa azaltzen duen film labur sorta. Horietatik batzuk euskaraz; beste batzuk, berriz, gaztelaniaz, portugesez eta kurdueraz. Azpititulu guztiak gazteleraz; izenburuarena iruditu zitzaidan bereziki adierazgarria: Gure oroitzapenak-Destierros.

Txikitan, uste nuen azpitituluek ez zidatela dena ondo ikusten uzten. Orain, aldiz, uste dut ikusten ez dena erakusten didatela.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!