Lezo gogoan

Erabiltzailearen aurpegia Adur Ibarguren Lazkano 2018ko ira. 30a, 20:46

Badira zer pentsatua ematen duten pertsonak, inor epel uzten ez dutenak, jada aurretik prestatua zenuen zutabe bat baztertu eta bere inguruan idaztera behartzen zaituztenak.

Zinemaldiaren (munduko hiritarrentzat San Sebastian International Film Festival) harira, kartelerari bistadizo bat ematen ari nintzela, Josu Martinezek zuzenduriko Jainkoak ez dit barkatzen filma topatu nuen, 70eko hamarkadan Martin Ugaldek Lezo Urreiztieta ekintzaile abertzaleari eginiko zenbait elkarrizketa biltzen dituen dokumentala. Banuen aurretik Lezoren berri, baina esan genezake bere handitasuna kasik bere «bazterrekotasunaren» tamainakoa dela. Laster askoan hartu dut nire baitan berau mito bilakatzeko lizentzia.

Gizon honek, besteak beste, bere kontrabandista sena baliatuz euskal erresistentzia armaz hornitu zuen 36ko gerran, behin eta berriz blokeo frankista hautsiz; milaka pertsonen bizia salbatu zuen muga zeharkatzen lagunduta; Franco akabatzear egon zen eta Mexiko inguruan irla bat aukeratu eta bertan «Euzkadi berria» izeneko harkadia edo utopia moduko bat diseinatu zuen, frankismoaren atzaparretatik ihesi zihoazen euskaldunei babesa emateko. Hau bai tipoa.

Guzti hori egin eta bere berririk apenas izatea ulergaitza den neurrian, establishment-ari arrautzak ukitzeko asmo lauso xamarrak bultzatuta, okurritzen zait Zara-ri Lezoren irudia baliatuz poltsa batzuk egiteko eskatzea, Frida Kahlorekin egin duen moduan. Honela, bere harkadiatik atera eta munduratuko genuke.

Hala ere, eta Lezoren onerako esango nuke, «bazterrekotasun» mota guztiek ez dute berdin saltzen. Bien bitartean, munduko hiritar-cool-progre-beganoek bere-berea duten goitik beherako eta belarririk gabeko diskurtso bat botatzen didatenean, lasaitzeko, Lezo Bilboko portura armak sartzen imajinatzen dut. Eta sinistu iezadazue: funtzionatzen dit.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!