Guzti honen adierazle zuen muturren parean eta hatz erakusle gainean gutxi gorabehera bi hilabetero izango duzuen iritzi artikulu, pasadizo, kritika edo garrantzi-gutxi-baina-joko-asko-ematen-duen zer edo zer hau, gehienetan hipokrisia zantzu nabarmenekin eta kasu hauetarako lagungarri suertatzen den lotsagabetasun puntu batez zipriztindurik.
Pasatako inauteriez hizketan baino gehiago, datozenetarako zenbat geratzen denari buruzko kalkulu ahalik eta baikorrenak egiten egongo zareten honetan, erdigune eta periferiaren arteko botere harremanaren inguruan hausnartzea ekidin ezina gertatzen da herri txiki batean bizi den honentzat. Eskualdeko eskaintza kulturalaren monopolioa erdigunearen esku dagoelarik, begiak betikotik altxa eta inguruan arreta jartzea «asteburuan ezer aipagarririk ez=Tolosa(n) jun (geatu) beharko deu» ekuazioa bururatzea baino dezente zailagoa egiten zaigulakoan nago.
Hau horrela, aurreneko egunetik eskean hastea ez omen da parte onekoa. Horregatik, gonbidapen bat luzatu nahi nizueke: apirilak 14an Ikaztegietan ospatuko dugun gazte sentitzen direnen egunaz ari natzaizue, bai baitakigu adina ez dela (soilik) zifra geroz eta «puñeteroago» bat. Egun beteko egitaraua inkontzienteki kontzientzia hartzen joateko.
Erdigunearen erakargarritasunari uko egin gabe, saia gaitezen, bada, periferiak eskaintzen digunari so egiten, tarteka gauza zoragarriak aurkituko baititugu. Gure periferia partikularrean, behintzat, egunak aurrera egin ahala milimetroz milimetro handituz joango den irribarre bihurri batekin emango dizuegu ongi etorria. Lasai, omenaldirik ez.