Ibarrako 'Minde eta 47ak herrian' plataformak ekimen ezberdinak antolatu ditu, Jon Mintegiaga Minde herritarrari eta Jesus Mari Aldunberri Kudu elduaindarrari babesa eskaini asmoz.
San Bartolomeak aprobetxatuko dituzte egun ezberdinetan auzi politikoa gogoan izateko:
- Abuztuak 21ean, Minde Herrian elkartasun afaria egingo dute plazan. Tiketak Ibarrako Zubiaurren eta Atarin, eta Tolosako Asteasuarra eta Amaiurren eros daitezke. Langileek 17 eurotan erosi ahalko dute, eta ikasle eta langabetuek 12 eurotan.
- Abuztuaren 25ean, kuadrilla egunean, elkartasun mosaikoa egingo dute Euskal Herria kalean bazkaldu aurretik.
- Abuztuaren 22tik 25era, Subegin bokatak erosteko aukera izango da, Minde Herrian eta Deabruak Kalean asanblada feministaren eskutik.
- Abuztuan eta irailean zehar, Minde Herrian kamisetak salgai izango dituzte 10 euroren truke, eta bizikleta elektriko baten zozketarako txartelak ere eskuragarri izango dira. Bizikletaren zozketa irailaren 7an egingo dute.
Elkartasun eguna
Irailaren 16an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean euskal presoen babes taldeen aurkako 11/13 Auzia. Hamar egunen faltan, irailaren 6an, elkartasun eguna antolatu dute Ibarran. Jolasak, korrikaldiak, manifestazioa eta herri afaria izango dituztela aurreratu dute antolatzaileek. Afarirako tiketak ohiko lekuetan eros daitezke; langileek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta ikasle eta langabetuek 12 euro.