Irurako udal gobernuak EAJren udal taldeak egindako galdera eta kritiken aurrean, udalaren komunikazio-zerbitzuaren kontratazioari buruzko azalpenak eman ditu ohar batean. Informazio osoa eskaini, kontuak argitu eta udal-zerbitzu hori beharrezkotzat zergatik jotzen duen azaldu du.
Udal gobernuak jakinarazi du komunikazio-zerbitzua kontratazio-prozedura ireki baten bidez lizitatu zela maiatzaren 22an, eta eskaintza bakarra aurkeztu zela: Bai Komunikazio Zerbitzuak S.L. enpresarena. Kontratazio mahaiak ekainaren 25ean baliozkotzat jo zuen eskaintza, eta esleipena egin aurretik aurkeztu beharreko dokumentazioa eskatu zuen. Alkatearen dekretu bidez onartu zen esleipena uztailaren 22an, eta kontratua abuztuaren 25ean formalizatu zen.
«Idazkaritza-Kontuhartzailetzaren txostenak adierazten du eskaintza bakarra aurkezteak ez duela berez kontratazio-prozedura baliogabetzen, betiere publizitate-, berdintasun- eta gardentasun-baldintzak errespetatu badira eta eskaintza baldintza-agirietara egokitzen bada», argitu nahi izan du udal gobernuak. Ildo horretan, azpimarratu du kontratazioa prozedura publiko bidez egin zela, aurrez zehaztutako baldintza eta irizpideekin, eta balorazioa lizitazioan ezarritako arauen arabera egin zela.
EAJk komunikazio-zerbitzuaren kostuak izan duen igoerari buruz ere galdetu du, eta horren inguruko informazioa eman du udal gobernuak: 29.038 eurokoa da kontratu berriaren zenbatekoa (23.999 euro gehi BEZa), aurreko kontratua baino 4.900 euro handiagoa. Dena den, udal arduradunek gehitu dute lizitazioaren gehieneko aurrekontua 30.000 eurokoa zela, eta esleitutako zenbatekoa aurreikusitako gehieneko aurrekontua baino % 3,2 txikiagoa dela.
Zerbitzua zabaltzea
Zerbitzu berria zabaldu egingo dela ere aipatu dute, eta, gutxienez, bi profesionaleko lantaldea ariko dela Irurako Udalean komunikazio-arloan lanean. Taldekide bakoitzak astean gutxienez 12 orduko presentzia fisikoa izango du, eta egitekoak ere zehaztu dituzte: komunikazio-estrategia eta plan operatiboa diseinatzea, udal-webgunea, agenda eta sare sozialak eguneratzea, prentsa-oharrak, deialdiak eta bestelako komunikazioak prestatzea, besteak beste.
Hortaz, udal gobernu taldeak berretsi du ez dela zerbitzuaren «berritze» hutsa, «udal-komunikazioaren gaitasuna hobetzeko eta zabaltzeko proposamena baizik». Aldi berean, aipatu du kontratazioak urtebeteko iraupena duela, baina beste hiru urtez luzatzeko aukera ere badagoela (luzapenak kontratazio-organoaren berariazko onarpena behar du). «Publikoki zabaldu diren 116.155 euroak gehienez lau urteko iraupeneko proiekzio ekonomiko teoriko bati dagozkio, eta ez dira udalak aldez aurretik epealdi oso horretarako hartutako gastu-konpromisoa».
Komunikazio instituzionalaz
EAJk bere oharrean dio alkatearen eta udal gobernuko kideen irudi pertsonala hobetzeko asmoz egin dela kontratazioa. Baieztapen hori deitoratu dute gobernuko ordezkariek: «Eginkizunak kontratuan zehaztuta daude, eta haren helburua udalak herritarrekin duen komunikazioa indartzea da, ez besterik».
Garrantzitsua iruditzen zaie komunikazio instituzionalaren eta alderdi politikoen komunikazio politikoaren arteko bereizketa argi mantentzea. «Komunikazio instituzionala zerbitzu publikoa da, eta erakundearen erantzukizuna. Irurako bizilagunek eskubidea dute udal-jarduerari, abian diren proiektuei, hartutako erabakiei, zerbitzu publikoei eta udalerriaren bizitzan eragina duten gainerako gaiei buruzko informazio egiazkoa, gardena, eskuragarria eta eraginkorra jasotzeko», adierazi du udal gobernuak.
Orain arte eskaintzen zen zerbitzua hobetzen jarraitzea dela euren asmoa adierazi dute oharrean, horretarako baliabide eta gaitasun profesional gehiago eskainiz eta herritarrengana hobeto iristeko helburuarekin. «Erantzukizunez, gardentasunez eta zerbitzu publikoarekiko konpromisoz lanean jarraituko dugu. Ondo informatutako herritarrek aukera dute udal-kudeaketa ezagutzeko, parte hartzeko eta haren jarraipena egiteko. Eskubide hori bermatzea edozein udalen betebeharra da».