Herritarren % 95ek BU08 autobus linea erabiliko lukete Donostiatik itzultzean

Tolosaldeko Ataria

Udalak 519 erantzun jaso ditu herrian egindako galdeketan, eta emaitzak Gipuzkoako Foru Aldundiarekin partekatuko ditu itzulerako geldialdiaren gaia lantzeko.

Irurako Udalak azkeneko egunotan galdeketa bat zabaldu du herrian, BU08 autobus linearen erabileraren inguruko iritziak biltzeko. Azaroaren 20tik 25era 519 erantzun jaso ditu. Horietatik 451tan esan dute linea ziur erabiliko luketela Donostiatik bueltan Iruran geldialdia izango balu. Beste 44 inkestatuk, berriz, seguruenik erabiliko luketela adierazi dute.

Astelehenetik ostiralera egunero Donostiara joaten direla adierazi duten 230 inkestatuetatik, 226k lana edo ikasketak aipatu dituzte joan-etorri horien arrazoi gisa. Autoz itzuli ohi direla dioten 128 erantzunetatik, 88k adierazi dute autoa etxean utziko luketela autobus zerbitzu zuzena izango balute.

Udalak emaitzak baliatuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiarekin BU08 autobus linearen itzulerako geldialdia ezartzeko aukera lantzeko. Bide batez, eskerrak eman dizkie galdeketan parte hartu duten herritar guztiei.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!