Irurako Udala herritarren beharrak jasotzen ari da, Donostiatik Tolosara doan Lurraldebuseko BU08 autobus-lineak Iruran geldialdia egiteko eskaera indartzeko.
Gaur egun, BU08 linea zuzenak ez du geldialdirik egiten Iruran Donostiatik itzultzeko noranzkoan. Ondorioz, herritarrek beste linea motelago batzuk erabili behar izaten dituzte. Udalak hainbatetan eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari geldialdi hori ezartzeko, baina orain arte ezezkoa jaso du.
Duela gutxi, Irurako alkatea berriro jarri da harremanetan zerbitzua kudeatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun, Turismo eta Lurralde Antolaketako Departamentuarekin. BU08 linean zenbait aldaketa egin dira, eta, horien harira, Aldundiak Iruran geldialdi berri bat ezartzeko aukera aztertuko duela jakinarazi dio udalari.
Zerbitzuaren benetako eskaria eta erabiltzaileen ordutegi-beharrak ezagutu nahi ditu Aldundiak. Horretarako, Irurako eta inguruko herrietako bizilagunei galdetegi labur bat betetzeko eskatu die udalak, zerbitzua erabiltzen dutenen zein erabiltzeko aukera izango luketenen beharrak jasotzeko.
Galdetegia betetzeko bi minutu inguru behar dira. Herritarren erantzunak funtsezkoak izango dira geldialdi berria ezartzeko eskaera indartzeko.