Marina Etxarri talde feministako kidearen esanetan «askotarikoak» izango dira bertan ikusi eta salgai izango direnak; besteak beste, zeramika, bitxiak, jantziak, pinturak edota jostailuak bezalakoak izango dira, eta horrekin batera, ogia eta gozoak ere erosi ahal izango dira.
Aurten, berritasun moduan, batetik, Anoetako Artamugarri barazkien postua izango da, eta, bestetik, Irurako ikastolaren 50. urteurrenaren harira kaleratu duten arropa ere izango da salgai; azken hauek ere talo postua jarriko dute. Eskaintza horren artean ATARIAko materiala ere salgai izan da, eta harpidetzeko aukera ere eskainiko da.
Emakume sortzaileen lanari ikusgarritasuna ematea da ekimenaren helburua, eta azokak urtero harrera ona izaten duela esan du Etxarrik: «Eguraldi ona egiten duenean, jende asko oinez etortzera animatzen da. Igande goizeko plan polita izan daiteke eta, gainera, plazan ostatua eta Xare kafetegia zabalik izaten dira mokadu edo trago bat hartzeko aukera eskainiz. Herriko beste komertzioei bultzada bat emateko aukera ona izan daiteke. Eguraldi txarra egiten badu, azoka pilotalekuan izango da eta aurten Ametsa Trinketea taberna ere irekita egongo da».
Bosgarren edizioa izango du aurtengo azokak, eta gogotsu daudela adierazi du antolatzaileak: «Urduritasuna beti hor dago, hilabete asko ematen ditugulako honekin lanean, eta lana hau boluntarioa denez, lanetik kanpora ere denbora eskaini behar izaten zaio».