Bigarren Zaintza Topaketa egingo dute Iruran datorren urriaren 21ean, 17:30ean, udaletxeko ganbaran. Saio horretan, inguruko herrietako esperientziak ezagutuko dituzte eta zaintzaren arloan Iruran eman daitezkeen urratsak aztertuko dituzte.
Herriko beharrak eta erronkak identifikatzeko, herriko zaintza-errealitatea aztertu eta 2025-2029 Ekintza Plana osatu zuten iaz. Hortik abiatuta, Irura Zainduz prozesua jarri zuten martxan, herriko zaintza-sistema elkarlanean lantzeko. Herritarrak, zaintzaileak, elkarteak, zerbitzuetako ordezkariak eta udala elkartu dira plana lantzeko eta bertan zehaztuko diren ekintzak lehenesteko.
2026-2027 ikasturterako lau lan-ildo lehenetsi dituzte: zaintzaren inguruan sentsibilizatzea eta kontzientziatzea; autozaintzan edo norberaren zaintzan sakontzea; zaintzaileak zaintzea; eta zaintzaren sare komunitarioa indartzea.
Asteazkenean egingo duten topaketaren helburua lan-ildo horiek Iruran nola garatu hausnartzea izango da. Horretarako, inguruko herrietako esperientziak zein testigantzak ezagutuko dituzte, eta herrian zer egin daitekeen elkarrekin aztertuko dute.
Topaketan kafea eta pastak izango dira, eta haurrak zaintzeko zerbitzua ere eskainiko da. Zerbitzu hori erabili nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena esteka honetan.
Herritar guztiak gonbidatu dituzte saioan parte hartzera.