Euskaraz, komunitatean eta, batez ere, auzolanean eraikitako proiektua da Irurako Ikastola. Horregatik, ez da kasualitatea 50. urteurrenerako aukeratutako irudian urte hauetan ikastolak erabili dituen eraikinen siluetak agertzea.
1977ko irailaren 1ean zabaldu zituen ateak Irurako Ikastolak. Logotipoaren erdian ageri den laukia Gazte Alaiak elkartea da, ikastolaren lehen egoitza. Haren ondoan, herri-eskolaren eraikinaren silueta ageri da, eta gaur egungo ikastolako bi eraikinek osatzen dute irudia. Ikerne Lasa da logotipoaren egilea; ikasle ohia da, eta gaur egun ikastolako ikasleen gurasoa.
Urteurrena ospatzeko, ordea, ez dute iraganera begira soilik jarri nahi izan. Egindako bidea balioetsi, herriari eskerrak eman eta etorkizunera begira komunitatea berriz ere trinkotzeko baliatu nahi dute 50. urteurrena. Maiatzaren 15ean emango diete amaiera ospakizunei, Ikastolaren Egun berezi batekin.
Txikitik HERRIA eraikitzen leloa aukeratu dute urteurrenerako. «Herriarekiko lotura hori nabarmendu nahi izan dugu. Argi dago ikastola Irurari herri egiten lagundu dion eragile garrantzitsua izan dela, baina hori baino gehiago ere bada: ikastolak proiektu nazionalak dira, eta Euskal Herria eraikitzeko ezinbesteko tresna», esan du Jon Ander Maiz ikasle ohiak. Gainera, Eraikitzen hitzarekin keinu egin nahi izan diote 2008an Irurako Ikastolak antolatutako Kilometroak jaiari, orduan ere hitz hori erabili baitzuten leloan.
Ikastolaren txikitasuna nabarmendu du Eider Ijurko zuzendariak: «Gipuzkoako ikastola txikiena da gurea. Horrek baditu bere desabantailak, baina baita abantaila asko ere. Komunitate txikia da gurea, oso gertukoa, elkarrengan konfiantza handia dugu». Gertutasun horrek hainbat erronkari aurre egiteko aukera ematen die. «Lan asko egin dugu auzolanean ikastola aurrera ateratzeko. Antolatu ditugu garagardo azokak, rallysprintak, festetako tabernak... Hori guztia jende askoren laguntzari esker atera da aurrera, eta komunitate horrekiko zorretan gaude».
Ikastolako langileek, familiek eta udalak osatzen dute ikastolako kooperatiba integrala. «Urte hauetan ezinbestekoa izan da udalaren laguntza. Herriarenak dira ikastolaren eraikin hauek. Toki gutxitan eraikiko zituzten hemen bezala bi eraikin hutsetik», azaldu du Ijurkok.
Urte hauetan 700 ikasletik gora igaro dira Irurako Ikastolatik, eta urteurren honetan guztiengana iritsi nahi dute. Maiatzaren 15eko festa herri mailakoa izatea nahiko luketela dio Maizek: «Urteroko ikastolaren festaz harago, zerbait gehiago izatea nahi genuke. Zuzeneko musika egongo da, eta bazkarian ohikoa baino jende gehiago bildu nahi genuke: ikasle ohiak, familiak eta herritarrak oro har».
Urteurrenerako batzordea
Komunitatea ez da hitz hutsa ikastolaren kasuan. Urteurrena prestatzeko moduak berak ere agerian uzten du hori. Egutegian data zehaztuta bazegoen ere, irakasleak lanean hasi aurretik, ikasle izandako taldetxo bat ikastolara gerturatu zen, urteurrena modu berezian ospatu nahi zuela esatera. Ilusio hori baliatuta, iazko ikasturtean bilera bat egin zuten, eta ospakizunak prestatzeko batzordea osatu zuten.
Urteurrenerako abestia ere taldean sortu dute. Edurne Ayuso guraso ohiak azaldu du «ausartak eta lotsagabeak» izan direla, eta eurak egin dituztela kantuaren hitzak. «Xarearekin lotutako hiztegia begiratu genuen, eta guztia lotzeko hitz politak topatu genituen». Kristina Aranzabek eta ikastolako ikasleek jarri diote ahotsa kantuari, eta Iñar Sastre herritarrak egin du musika.
Eiharne Olano ikasle ohia da, eta gaur egun irakasle ari da ikastolan. Hark nabarmendu du ikastolaren balioak islatzen direla kantuan: «Gertutasuna da gure ezaugarri nagusia. Ikastolan ahalegina egiten dugu familien arteko harremanak sendotzen. Irurak badu lotarako herriaren fama, eta ikastolak ezertan laguntzen badu, herritarren arteko harremanak sustatzen laguntzen du».
Iritzi berekoa da Maialen Aparicio. Gaur egun ikastolako irakaslea da, baina ikasle ere izan zen garai batean. Haren iritziz, asko aldatu da ikastola urte hauetan guztietan: «Gure garaian oso ikasle gutxi ginen, eta taldeetan hainbat adinetako umeak biltzen ginen. Nire urtean beste kide bat eta biok bakarrik ginen, eta bost urtera arte bakarrik ikasten genuen Iruran». 1996ko belaunaldiaren ondoren hasi ziren Iruran bertan Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko ikasketak eskaintzen.
Komunitatea trinkotzen
Mende erdi honetan ikastola asko aldatu den arren, ordezkariek uste dute betiko esentziari eutsi diola. Erronkak ere ez dira hainbeste aldatu urteotan: «Borrokan aritzea gure DNAn daramagu. Herri txikia da Irura, eta Hezkuntza Sailetik eskatzen zaizkigun ratioak betetzea oso zaila egiten zaigu. Dena den, alde batetik edo bestetik, aurrera aterako dugu ikastola. 50. urteurrenerako osatu den lantaldeak berak erakusten du badagoela indarra», dio Ijurkok.
Ikastolari eusteko, «txingurri-lanean» aritzen dira, eta horren azken adibidea talogintza da. Urriaren 25ean ere taloak emango dituzte Irurako emakume sortzaileen azokan. Egun horretan jarriko dute salgai, lehen aldiz, urteurrenerako prestatu duten materiala. Hortik aurrera, ikastolan bertan erosi ahal izango da arropa, eta eskaerak egiteko QR kodeak jarriko dituzte herriko hainbat puntutan.
Irurako Ikastolak 50 urte beteko ditu, baina urteurreneko batzordeko kideek argi dute aurrera ere herriarekin batera egin nahi dutela bidea. Urteurreneko logotipoan ageri diren eraikinek bezala, belaunaldi bakoitzak bere arrastoa uzten jarrai dezala Irurako Ikastolan etorkizunean ere.