Gaur jokatu da VIII. San Migel Xare Irekia-Irurako Udala Sari Nagusiaren finala eta Santi Hualdek eta Sebas Moncadak osatutako bikotea izan da irabazle, Oxan Halsouet eta Jon Lafargeren aurka, bi setetara irabazi eta gero: 15 eta 11 irabazi dute lehenengoan eta 15 eta 14 bigarrengoan.
Ametsa Trinketean gaur jokatu den finala, XX. Munduko Euskal Pilota Txapelketaren aurrekaria izan daiteke, bi bikoteak urriaren 14tik 25era Buenos Airesen (Argentina) jokatuko den txapelketarako hautatuak izan baitira; Hualde eta Moncada Espainiarekin, eta Halsouet eta Lafarge Frantziarekin. Ezusteko handirik ezean, Munduko Xare Txapelketaren finala bi bikoteek jokatuko dute.
Emakumezkoak eskuz
Ados Pilotako emakumezkoen eskuzko partida batek eman dio hasiera jaialdiari 11:30ean, eta partida berezia izan da, emakumezkoek Irurako trinketean eskuz lehen aldiz jokatu dutelako.
Eneritz Arrieta-Naroa Agirre eta Natale Aranburu-Oihana Orbegozo bikoteek izan dute ohore hori, eta partidan Arrieta-Agirre bikotea geratu da irabazle 2-0 (12-7 / 12-3) emaitzarekin.