Heldu da amaierara VIII. San Migel Xare Irekia-Irurako Udala Sari Nagusia Txapelketa. Joan den ostiralean jokatu ziren bi finalerdiak, eta larunbat honetan izango da txapelduna erabakiko duen finala, Ametsa trinketean. Santi Hualde-Sebas Moncada eta Oxan Halsouet-Jon Lafarge bikoteek elkarren aurka jokatuko dute.
Laurak izan dira hautatuak urriaren 14tik 25era Buenos Airesen (Argentina) jokatuko den XX. Munduko Euskal Pilota Txapelketa jokatzeko; Hualde eta Moncada Espainiarekin, eta Halsouet eta Lafarge Frantziarekin. Mikel Uzkudun Ametsa Pilota Elkarteko ordezkariak adierazi duenez, «ezusteko handirik ezean, Espainiak eta Frantziak jokatuko dute Munduko Xare Txapelketako finala; hortaz, larunbateko finala munduko txapelketakoaren aurrekaria izan daiteke».
Uzkudunen ustez ez dago faborito argirik. «Ez dago aurrekaririk, hau da, lehenago ez dute elkarren aurka jokatu, baina egin duten txapelketa guztia kontuan hartuta, final irekia, lehiatua eta estua izatea aurreikusten da. Ikuskizuna bermatua dagoela esan dezakegu», adierazi du elkarteko kideak.
Emakumeak eskuz, lehen aldiz
Ados Pilotako emakumezkoen eskuzko partida batek emango dio hasiera jaialdiari 11:30ean, eta partida berezia izango da, emakumezkoek Irurako trinketean eskuz lehen aldiz jokatuko dutelako. Eneritz Arrieta-Naroa Agirre eta Natale Aranburu-Oihana Orbegozo bikoteek izango dute ohore hori.
Larunbateko jardunaldia Irurako Udalaren Youtubeko kanalean zuzenean jarraitzeko aukera egongo da: