VIII. San Migel Xare Irekia Txapelketako finalerdiak, ostiralean

Josu Artutxa Dorronsoro

VIII. San Migel Xare Irekia Txapelketako partida bateko irudia. ASIER IMAZ

Etcheberri-Borteyru eta Hualde-Moncada bikoteek jokatuko dute lehena, eta Larronde-Petrissans eta Driolet-Castera bikoek bigarrena; 19:00etan hasiko da jaialdia Ametsa trinketean.

Ostiralean hasiko dira Iruran San Migel festak, eta suziria lehertuko den egun berean jokatuko dituzte VIII. San Migel Xare Irekia-Irurako Udala Sari Nagusia Txapelketako bi finalerdiak Irurako Ametsa trinketean. 19:00etan hasiko da jaialdia, eta lehen partida amaitu ondoren jokatuko dute bigarrena.

Lehen finalerdian Sebas Etcheberri-Oihan Borteyru eta Santi Hualde-Sebas Moncada bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Multzoen fasean, A multzoko bikote onena izan zen Etcheberri-Borteyru, bi partidak irabazita. Hualde-Moncada bikotea, berriz, bigarren postuan sailkatu zen B multzoan, bi partidetatik bat irabazi ondoren.

Mikel Uzkudun Ametsa Pilota Elkarteko ordezkariaren hitzetan, «zaila» da partida irabazteko faboritoa nor den esatea. «Oso maila onean eta sendo aritu dira ligaxkan, eta partida orekatua, lehiatua eta bikaina aurreikusten dut», adierazi du.

Bigarren finalerdian Jon Larronde-Denis Petrissans eta Bruno Driolet-Andoni Castera bikoteak arituko dira elkarren aurka. Drioletek Oxan Halsoueten ordez jokatu zuen multzoen faseko azken jardunaldian, eta urruñarra ordezkatuko du ostiralean ere.

Uzkudunen iritziz, «are zailagoa» da bigarren finalerdiko irabazlea asmatzea. «Bi bikoteek ondo baino hobeto ezagutzen dute elkar», esan du. Izan ere, azken urtean jokatu diren bi txapelketa ofizial garrantzitsuenetako irabazleak dira. Larronde-Petrissans bikoteak Frantziako Txapelketa irabazi zuen; Driolet-Castera bikoteak, berriz, Iparraldeko Txapelketa. Hain justu, azken honek, Larronde-Petrissans bikotea menderatu zuen finalean.

Ametsa Pilota Elkarteko ordezkariak herritarrak eta pilotazaleak animatu ditu ostiralean Ametsa trinketera joateko. «Ziurtatu dezakegu partida ikusgarriak ikusiko ditugula. Ez hutsik egin, ez zarete damutuko eta», esan du Uzkudunek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!