Irurako jaiak 2026

Gazte Alaiak, 50 urte herrian eragiten

Jon Miranda Labaien

Duela 50 urte Gazte Alaiak elkartea sortu zuten bazkideek botako dute Irurako jaien hasierako pregoia, ostiralean, 18:30ean.

Berezia izaten ari da aurtengo urtea Irurako Gazte Alaiak elkartearentzat. Maiatzean aste gastronomikoa antolatu zuten, eta azaroan egingo duten elkartearen eguna ere berezia izango da. Irurako Jai Batzordea ere jabetu da Gazte Alaiaken sorreraren urtemuga borobilaz, eta ostiralean elkartearen sortzaileek izango dute festen hasierako pregoia bota eta suziria pizteko ohorea.

98 bazkidek jarri zuten martxan elkartea, 1976ko azaroaren 7an. Haien artean ziren Patxi Xabier Tapia, Jabier Larrinaga, Jexux Angel Ugalde, Mai Zubeldia eta Iñaki Mercader. Udaletxearen ondoko etxeko sotoa hustu bezain laster erabaki zuten han egitea txokoa. Auzolanean aritu ziren dena atontzen. Baratzerako eta oilategirako eremuetan jarri zituzten sukaldea eta estalpea. Gerora, 1992an, etxabe osoa hustu zutenean, lokala handitu eta bebarru osoa erostea erabaki zuten bazkideek.

Herri giroan eragile

Txirrindularitza, mendi eta pilota taldeak izan zituen Gazte Alaiak elkarteak hasiera hartan, eta kultur ekimenetan ere eragile izan da hasiera-hasieratik. Herriko hitzordu garrantzitsuetan beti egin dute ekarpena bazkideek. Herri giroa sustatzea eta euskaltzaletasuna zabaltzea izan dituzte, izan ere, helburu nagusietakoak.

Testuinguru sozial eta politiko berezian sortu zen elkartea: 1976an. Franco hil berria zen, ikurrina oraindik legeztatu gabe zegoen, eta euskararen normalizazioak lehen urratsak baino ez zituen egin. Bazkide sortzaile haietako askok, handik urtebetera, 1977an, Irurako ikastolaren sorreran hartu zuten parte.

Izpirituari eutsi diote, baita bazkide kopuruari ere, nahiz eta sortzaileek badakiten ez direla garairik oparoenak elkarte gastronomikoentzat. Ostiraleko suziriak eta azaroan egingo duten festak berpizkunde berri baterako abiapuntu izatea nahi lukete.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!