Ohitura den bezala, bi asteburutan egingo dituzte Irurako San Migel jaiak, ostiral honetan hasita. Guztira, bederatzi jai egun izango dira. Adin guztietako herritarrentzat prestatu dute jai egitaraua, eta herriko hainbat eragilek hartu dute parte festak prestatzeko jai batzordean.
Ostiralean abiatuko da festa. Gazte Alaiak elkarteko sortzaileek botako dute jaien hasierako txupina. 50 urte dira elkartea sortu zutela, eta Gorka Murua alkateak pertsona haiek kultura eta euskara hauspotzeko egin zuten ahalegina azpimarratu du. «Egin duten ibilbide horri aitortza egin nahi izan dio Kultura Mahaiak, eta hasierako bazkide haiek botako dute suziria», esan du alkateak.
San Migelen berri emateko egin duten agerraldian, txupinazoaren aurretik estreinakoz egingo duten ekitaldi baten berri eman dute: 2025ean jaiotako Irurako umeei jaietako zapia emango diete oparitan. «Herrian jaio edo bertan erroldatu diren eta 2025ean jaio diren ume guztiek izango dute beren zapia, nolabait, herritar izaera berresteko modu bezala», esan du Irurako ikastolako zuzendari Eider Ijurkok.
Berrikuntzetako bat izango da hori; bestea, urriaren 2an egingo duten 3x3 txapelketako finala izango da. 17:30etik aurrera egingo dute kirol anitzeko pistan.
Egun bateko atsedena egingo dute aurtengo Irurako sanmigeletan: irailaren 30a. Gainerako egun guztietan izango dira ekitaldiak. Larunbat honetan, Gazte Festa egingo dute, eta igandean, berriz, besteak beste, erraldoien topaketa eta Onintza abesbatzaren eta Oliteko Cant-arte taldearen emanaldia izango dira plazan. Asteartearekin dator aurtengo San Migel eguna, eta bezperan, astelehenean, Markeliñe taldearen Artilusio lana izango da ikusgai.
Asteazkeneko atsedenaren ostean, datorren asteko ostegunean, umore saioa egingo dute gazteen karpan 18:00etan. Ostiralean, mozorroen eguna egingo dute, eta aurten euskal kultura eta Euskal Herriko jaiak izango dituzte mozorrorako gai. Larunbateko herri bazkariarekin eta igandeko jubilatuen egunarekin amaituko dituzte aurtengo festak.
Protokoloa prest
Jai giroa nagusitzea nahi dute festaren antolakuntzan aritu diren eragile guztiek. Irura Moretuz taldeko Intza Artolak azpimarratu du prest dutela eraso matxistei aurre egiteko protokoloa: «Udalarekin koordinatuta arituko gara eta festa giroan erasoren bat gertatuz gero, txosna guztietan, txanda bakoitzeko arduradun bat egongo da. Edonork laguntza behar badu, haiekin jar dadila harremanetan eta protokoloa abiaraziko dugu».
Idoia Garaialde udaleko zinegotziak azpimarratu du jaietako egitarauaren azaleko irudia lehiaketa bidez aukeratu dutela, eta aurten Ikerne Lasa herritarrak irabazi duela.
Egitaraua
Irailak 25, ostirala
- 18:00. 2025 urtean jaiotako eta Iruran erroldatutako haurrei jaietako zapia emango diete kultur mahaiko kideek.
- 18:30. Agurra, txupinazoa eta herensugearen jaitsiera. Jarraian kalejira Irurako buruhandi eta erraldoien konpartsarekin.
- 19:00. VIII. San Migel Xare irekia Irurako Udala Sari Nagusia torneoaren finalerdiak trinketean.
- 21:00. Barrikotea San Migel plazan.
- Ondoren. Gabezin taldearen emanaldia.
Irailak 26, larunbata
- 09:00. Gazte-festaren hasiera San Migel plazatik.
- 11:00-13:00 eta 15:30-18:30. Haur-parkea ikastolako patioan.
- 13:00. Dantza-soka San Migel plazan.
- 14:00. Haurren bazkaria elizako arkupetan.
- 14:30. Gazteen bazkaria.
- 18:30. Poteo musikatua Zutik elektro- txarangarekin.
- 23:30. EH Sukarra eta Olgetan taldeen emanaldia San Migel Plazan.
Irailak 27, igandea
- 11:00. Irura, Ibarra, Lezo, Lazkao, Noain eta Irurzungo Erraldoien konpartsen topaketa eta kalejira Loatzo Musika eskolako trikitilariek lagunduta.
- 17:45. Onintza abesbatzaren eta Oliteko Cant-arte taldearen emanaldia San Migel Plazaz.
- 19:00. Tio Teronen Semeak taldearen Haurreskolari ikuskizuna.
- Ondoren. Taloak dastatzeko aukera ikastolako txosnan.
Irailak 28, astelehena
- 18:00. Markeliñe taldearen Artilusio ikuskizuna.
Irailak 29, asteartea, San Migel eguna
- 11:00. Meza Nagusia.
- Ondoren. Dantzariaren agurra udal korporazioari. Jarraian, Irura Bizi Elkartearen Argazki Lehiaketaren sari banaketa eta hamaiketako herrikoia.
- 17:00. Aizkolariak bikoteka: Jexux Mari Mujika eta Oihana Fernandez, Laiene Pikabea eta Eloi Kortxeroren aurka. Harrijasotzailea Olaia Esnaola. Esataria Edurne Ayuso.
- 19:30. Bertso saioa elizan. Bertsolariak: Amets Arzallus, Oihana Iguaran, Aitor Mendiluze, Maialen Lujanbio. Gai-jartzailea: Amaia Agirre.
Urriak 1, osteguna
- 18:00. Umore saioa gazteen karpan. Umoregileak: Maialen Sorzabalbere, Julempo, Maria Blanco, Asier K eta Manex Astigarraga.
Urriak 2, ostirala, Mozorro eguna
Gaia: euskal kultura eta Euskal Herriko jaiak.
- 17:30. Irurako I. 3x3 Multikirol txapelketaren finalak kirol anitzeko pistan.
- 19:00. Sagardo dastatzea San Migel plazan.
- 22:30. Play Back jaialdia + sorpresa San Migel plazan.
- Ondoren. Zuzeneko musika emanaldiak IGAko karpan: Talka taldea eta DJ Piturrio, Ikastolako txosnan: Mitoaroa IV, Trinkete tabernan: DJ Andoni, Ostatuan: DJ Lanbretta.
- 11:30. Ados Pilotako emakumeen eskuzko partida eta VIII. San Migel Xare irekia Irurako Udala Sari Nagusia torneoaren finala trinketean.
- 13:00. Herri bazkarira doazenak mahaiak eta aulkiak jarriko dituzte plazan.
- 14:00. Herri-bazkaria San Migel plazan.
- 14:00. Umeak.
- 14:30. Helduak.
- Ondoren. Bingoa Sareren txosnaren eskutik eta musika dantzagarria DJ Bull- ekin.
- 23:00. Herensugea erretzea.
-
23:30. Akerbeltz taldearen emanaldia San Migel Plazan.
Urriak 4, igandea
- 12:00. Meza Nagusia.
- 14:00. Bazkaria jubilatu eta pentsiodunentzat.
- Ondoren. Opari eta sari banaketa eta musika dantzagarria Joxe Mendizabalekin.