Herriko puntu beltzen mapa osatuta, neurriak hartuko ditu udalak

Farapik gidatutako prozesuan 15 puntu beltz identifikatu eta gune horietarako hainbat hobekuntza proposatu dituzte. Hirigintza feministaren ikuspegia landu dute asteotan.

Laskibargo bidezidor iluna, plaza eta trinketea lotzen dituen tunela, trinketearen ingurua eta Kulturunearen atzealdea. Lau espazio horiek dira, besteak beste, herriko emakumeek segurtasun falta handiena sentitzen duten guneetako batzuk, herrian egin berri duten parte hartze prozesuaren arabera.

Lanketaren helburua ez da gune horiek seinalatzea bakarrik izan; bertan egin daitezkeen esku-hartzeak ere proposatu dituzte. Prozesua udalak sustatu du, Farapi kooperatibaren gidaritzapean, eta zazpi emakumek hartu dute parte.

Lehen bi saioetan, parte hartzaileek hirigintza feministaren oinarriak landu zituzten. «Ulertu nahi izan genuen emakume bezala sozializatu garen gorputzok espazio jakin batzuetan zergatik sentitzen dugun beldurra», azaldu dute Farapiko kideek. Horretarako, eduki teorikoak eta ariketa praktikoak uztartu dituzte, herriko espazioak ikuspegi feministatik aztertzeko tresnak eskaintzeko.

Farapik, besteak beste, Herrialde Katalanetako Punt 6 kolektiboak garatutako irizpideak hartu ditu erreferentziatzat. Ikuspegi horren arabera, espazio bat feminista izateko hainbat baldintza bete behar ditu: seinaleztapen argia, ikusgarritasuna, pertsonen presentzia, zaintza informala, espazioaren plangintza eta mantentzea, eta komunitatearen parte-hartzea.

Irizpide horiek oinarri hartuta, parte-hartzaileek herriko 15 puntu beltz identifikatu dituzte. Horiek bertatik bertara aztertzeko, herri ibilbidea egin zuten ekainaren 9an. Ibilbidean lau puntu bisitatu zituzten.

Farapiko kideen laguntzaz eta hainbat dinamikarekin, espazio horien ezaugarriak eta gabeziak aztertu zituzten. Laskibar industriagunearen atzeko bidezidorra, esaterako, arriskutsutzat jo dute, gauez argiztapenik ez duelako. Egunez inguruan jarduera handia izaten den arren, iluntzean espazioaren pertzepzioa erabat aldatzen dela nabarmendu dute.

Antzeko egoera bizi dute plaza eta trinketea lotzen dituen tunelean. Argiztapen eskasa, akustika txarra eta zikinkeria aipatu dituzte arazo nagusien artean. Gainera, kontraargian norbait hurbiltzen denean zaila egiten zaie nor den bereiztea, eta horrek segurtasun falta eta estualdi sentsazioa eragiten die.

Tunela pasatuta, trinketearen ingurunea ere deserosoa egiten zaiela azaldu dute. Herriko hainbat zerbitzu bertan dauden arren eta egunez mugimendu handia izan arren, badira txoko ezkutuagoak, eta emakume asko ez dira eroso sentitzen haietatik pasatzerakoan.

Kulturunearen atzealdeari dagokionez, parte hartzaileek nabarmendu dute egunez gune atsegina dela, baratzeetara begira dagoelako eta herriko hainbat zerbitzu —musika eskola, liburutegia eta osasun etxea— inguruan dituelako. Gauez, ordea, argi faltak espazioaren pertzepzioa guztiz aldatzen duela adierazi dute.

Azterketarekin batera, hainbat hobekuntza proposamen ere egin dituzte. Besteak beste, argiztapena indartzea, guneak txukuntzea edo horma-irudiak margotzea planteatu dute. Haien ustez, espazioak fisikoki egoera onean egoteaz gain, garrantzitsua da emakumeek toki horietan presentzia sinbolikoa ere izatea.

Ondorioak udalaren esku

Orain, Irurako Udalak prozesu osoaren txostena jasoko du, eta ondorioak aztertu ondoren erabakiko du identifikatutako guneetan zer esku-hartze egingo dituen.

Noelia Lataburu Berdintasun zinegotziaren esanetan, helburua Irura emakumeentzat herri seguruagoa izatea da, eta udal gobernuak horretarako behar diren neurriak hartzeko borondatea du. Haren arabera, proposatutako esku-hartzeetako batzuk epe motzean gauzatu ahal izango dira; beste batzuek, berriz, denbora gehiago beharko dute.

Edonola ere, Latabururen ustez, garrantzitsuena da hemendik aurrera hirigintzan ikuspegi hori txertatzea. «Prozesu emankorra eta baliagarria izan da. Emakumeei ahotsa eman die, eta egunerokoan askotan oharkabean pasatzen diren egoerak mahai gainean jartzeko balio izan digu».

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!