Zabalik da epea emakume artisauen azokan izena emateko

Ataria 2026ko uztailaren 2a

Iazko azokaren une bat, Irurako pilotalekuan. L. CARRASCO

Urriaren 25ean egingo dute Iruran emakume artisauen azoka eta jada eman daiteke izena bertan postua jartzeko. Galdetegi bat bete behar dute interesa dutenek, eta uztailaren 10a izango da horretarako azken eguna.

Emakume Artisauen Azoka urriaren 25ean egingo dute Iruran eta dagoeneko eman daiteke izena bertan postua jartzeko. Beste urte batez Irura Moretuz talde feministak antolatuko du ekimena, eta aurtengoa bosgarren edizioa du azokak.

Interesa duten artisauek galdetegi bat bete beharko dute postua jarri ahal izateko, eta uztailaren 10a izango da izen-ematea egiteko azken eguna. Antolatzaileek azaldu dutenez, azokak, gehienez, 30 postu eduki ahal izango ditu, eta izena hautagai gehiagok emanez gero, zozketa egingo dute postuak esleitzeko.

Bestalde, partaide guztiei mahai eta aulki bana utziko dizkietela ere aurreratu dute antolakuntzatik, eta «hortik aurrerakoak» norberak eraman beharko dituela. Interesa dutenek izena emateko galdetegian adierazi beharko dituzte, besteak beste, norberaren izen-abizenak, harremanetarako telefonoa zein helbide elektronikoa, eta postuan zer eskainiko duten.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!