Irura Zainduz prozesua aurkeztu du Irurako Udalak zaintzaren inguruan herritarrekin hausnartzeko eta zaintza ereduak modu kolektiboan eraldatzeko. Herriko Irura Moretuz talde feministarekin eta erretiratuekin elkarlanean aurkeztu dute egitasmoa, eta gaia herritarrekin lantzeko hiru Zaintza Topaketa egingo dituzte. Saio horietako lehena ekainaren 17an izango da, 17:00etan, udaletxeko ganbaran.
Noelia Lataburu udaleko berdintasun zinegotziak adierazi du zaintza sistemak gaur egun «sakoneko erronkei» egin behar diela aurre: «Erronka horietako batzuk dira komunitate loturen ahultzea; indibidualizazio gero eta handiagoa; zaintza lanen genero banaketa desorekatua; eta aldaketa demografikoak, besteak beste, gizartea zahartzea, mendekotasun egoerak haztea eta familia ereduen eraldatzea».
Gaia herritarrekin lantzeko apustua egin du Irurako Udalak, eta berdintasun zinegotziak azaldu du zaintza ereduen inguruan «guztien artean» hausnartzea eta gaur egungo sistemaren aurrean «alternatiba kolektiboak» eraikitzea direla helburuak.
Prozesuaren norabidea
Marimi Ugalde erretiratuak gehitu du herri hausnarketaren bitartez zalantzan jarri nahi dituztela zaintzaren gaur egungo «antolaketa eta ulertzeko modua» eta asmoa dela «guztien arteko ikuspegi berri bat» eraikitzea.
Ekimena ez da hutsetik abiatzen, azaldu dutenez, dagoeneko eginda dagoelako zaintzaren inguruko ikerketa bat, eta diseinatu dutelako Zaintza Ekintza Plana ere. Hori horrela, prozesuaren xedea da komunitatearen ekarpenekin lanketa «aberastea eta osatzea».
Zaintza «sare komunitario bat» eraikitzearen inguruan, berriz, Ugaldek nabarmendu du ardura partekatu behar dutela herritarrek, eragileek zein erakundeek.
Nola jardungo dute?
Aurkezpenean kontatu dute prozesua gauzatzeko «gobernantza eredu kolaboratibo bat» jarriko dutela martxan: «Egitasmoaren helburuak dira hutsuneak identifikatzea eta horiei erantzuteko bideak sortzea. Horretan herritarren parte-hartzea izango da ardatz nagusietako bat».
Esandakoa garatzeko, lau espazio prestatu dituzte: batetik, Zaintza Mahaia, zeina herriko eragileek, kolektiboek eta herritarrek osatuko duten prozesua jarraitzeko eta kontrastea egiteko; bestetik, talde fokalak eta elkarrizketak, zeinak zaintzaren inguruko diagnostikoa eta ekintza plana aberastuko dituzten.
Horrez gain, hiru Zaintza Topaketa ere egingo dituzte; saio ireki horiek herritar guztiei zuzenduta prestatu dituzte eta, esan bezala, hilaren 17an izango da lehena. Azkenik, talde motor bat ere osatu dute Irurako Udaletik, hain zuzen, prozesua koordinatzeko.
Herritar guztientzat
Garazi Karrera Irura Moretuz taldeko kideak nabarmendu du «herri osoari» zuzendutako prozesua dela Irura Zainduz, eta badirela zenbait profil gaiak «bereziki» eragiten dienak: «Zaintza behar duten pertsonak —adinekoak, adin txikikoak, mendekotasunen bat dutenak...—, zaintzaileak —senideak zein profesionalak—, eta zerbitzu publikoak zein pribatuak —osasuna, gizarte zerbitzuak, hezkuntza eta abar—. Izatez, herriko komunitate osoari eragiten dio».
Zentzu horretan, agerraldian parte hartu dutenek prozesuan parte hartzera gonbidatu dituzte «herritar eta eragile guztiak». Hirurek ala hirurek aipatu dute Irura Zainduz ez dela «plan bat garatzea soilik», baizik eta herri «zaintza eredu berri» baten oinarriak elkarrekin «eraikitzeko aukera» bat.