Berrikuntzak egin dituzte liburutegian

Ataria 2026ko maiatzaren 14a

Liburutegiko espazioak adin eta interes ezberdinetara egokitu dituzte. Txiki Txokoa ere sortu dute, 0 eta 4 urte arteko haurrentzako sortutako gunea.

Azken asteotan hainbat berrikuntza egin dituzte Irurako liburutegian, espazioak adin eta interes ezberdinetara egokitzeko ahaleginean. Honela, 12 urte azpiko haurrentzako liburuak eta helduen liburuak bereizita izango dira aurrerantzean. Gainera, 0-4 urteko haurrentzat espresuki sortutako gunea zabaldu dute: Txiki Txokoa. Hau aparteko gela da liburutegi barruan; hemen, haurren zaintza gurasoen gain izango da.

Haur liburutegian, koloretako gometxen bidez antolatu da adinaren araberako antolaketa: 0-4 urte, horia; 5-7 urte, berdea; eta 8-12 urte, gorria. Horrez gain, jakintza arloko liburuak ere bereizi dituzte —sukaldaritza, historia, zientziak, animaliak, giza gorputza edo natura bezalako gaietan—, adin tarte bakoitza gometxen bidez identifikatuta. Lehen irakurleentzako txokoa ere egokitu dute, letra larriz nahiz letra xehez idatzitako liburuekin.

Helduen liburutegian ere hainbat berritasun aurki daitezke: liburu berrienak eta gomendatuak apalategietan daude ikusgai; Txoko Moreari espazio propioa eman zaio, ikusgarritasun gehiagorekin; eta gazte literaturarako eta saiakeretarako espazio berriak antolatu dituzte.

«Irakurle txikientzat zein helduentzat atseginagoa eta erabilerrazagoa den gunea bihurtu da liburutegia; hortaz, aukera ezin hobea da herriko liburutegi berritua ezagutu, liburu artean murgildu eta irakurketaz gozatzeko», esan dute bertako arduradunek.

Oraindik ere liburutegiko txartelik ez duten herritarrak gonbidatu nahi dituzte bazkide egitera, horretarako, edozein unetan eska daiteke inprimakia liburutegian.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!