Jarri dute komun publiko berria Loatzo plazan

Ataria 2026ko apirilaren 7a

Komun publiko berria gaurtik aurrera erabilgarri dago. Gimnasioan, berriz, poleo bikoitzeko makina berria jarri dute.

Gaurtik aurrera erabilgarri dago Loatzo plazako komun publiko berria. Irurako Udalak 55.448 euro baliatu ditu proiekturako, eta ibai ondoko pasealekuan ibiltzen direnei emango die zerbitzua bereziki.

Komun publikoaren kokapena erabakitzeko galdeketa egin zuten Iruran 2021ean. Guztira 154 boto aso zituzten eta herriko plaza izan zen aukerarik bozkatuena. Hala ere, emaitza estua izan zela kontuan hartuta, etorkizunean Loatzo plazan beste bat jartzeko aukera aipatu zuten. Bost urte beranduago, eta udaleko bi alderdi politikoek iazko aurrekontua negoziatzerakoan adostutakoaren arabera, bigarren komun publikoa jartzea erabaki dute.

Apirilaren 7tik aurrera, herritarren erabilerarako irekita dago azpiegitura berria.

Gimnasioan tresna berria

Trinketeko kirol guneko gimnasioan polea bikoitzeko makina berria jarri dute. BH Fitness Inertia Multi L540 TR modelokoa da eta muskulu lanketarako balio du. Mota honetako makinek gorputzaren goiko zein beheko atalak lantzeko aukera ematen omen du, eta ariketa aniztasun handia dutela baieztatu dute udal ordezkariek.

Makina berriak 4.310 euroko kostua izan duela jakinarazi du Irurako Udalak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!