Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura eta Lurralde Estrategia Departamenduak jakinarazi du martxan jarri duela Iruran N-1 errepidearekin lotura egiteko balizko adar baten trazaduraren proiektua idazteko lizitazioa.
Joan den otsailaren 4an, Irurako alkateak eta udaleko aparejadoreak bilera egin zuten departamenduko arduradunekin, eta orduan jakinarazi zieten lizitazioa abian jarri dutela. Irurako Udalak positibotzat jo du aldundiak emandako pausoa, eta adierazi du aurrerantzean gaiari jarraipena egingo diola.
Irurako Udalak urteak daramatza herriak trafikoarekin duen arazoari irtenbidea eskatzen. 2021ean, gaiari buruzko azterketa egin zuen hainbat proposamenekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu zuen.
Trafiko ugaria
Irurako Udalak berretsi du segurtasun faltari, kutsadurari, zaratari eta bestelako eraginei aurre egiteko lanean jarraituko duela. Egunero 6.000 ibilgailu inguru igarotzen dira Irurako erdigunetik. Trafikoak herrian eragiten dituen kalte «larriak» ikusita, udalak uste du erakundeek konponbidea eman behar diotela egoerari.